Skip to main content

Leheneste fasean dira Fagor Herrigintza lankidetza programan aurkeztutako proiektuak. Orotara, Euskal Herri osoko 38 proiektu jaso ditu Fagor Taldeak, eta oinarrietan zehaztutako irizpideen araberako balorazioekin ari da orain. Behin hori eginda, bozka fasea hasiko litzateke: laguntza lerro bakoitzean puntuazio altuena duten hiru proiektuen artean bozkatuko dute Fagorreko kooperatibetako bazkideek, azaroaren 10etik 20ra bitartean. Ondoren, abendu erdialdean iragarriko dira Fagor Herrigintza programaren laguntzak jasoko dituzten hiru proiektuak.

Hain zuzen ere, eragileek aurkeztutako proiektu guztien artean, 120.000 euroko hiru laguntza ekonomiko banatuko dira Euskal Herri hobe bat eraikitzeko lanean ari diren gizarte egitasmoak babesteko: 60.000 eurokoa, 40.000 eurokoa eta 20.000 eurokoa.

Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko iraunkortasun arduraduna “pozik” azaldu da deialdiak izaniko harrerarekin: “38 proposamen jaso ditugu. Horrek erakusten du dagoeneko egonkorturik dagoen egitasmoa dela, Euskal Herriko zenbait eragilerendako erreferente dela, nolabait. Beste urte batez ikusi ahal izan dugu proiektu interesgarri ugari ari direla egunez egun Euskal Herri, eta, oro har, mundu, hobe bat eraikitzeko lanean. Laguntzeko ez ezik, euren guztien ahalegina aitortzeko balio du Fagor Herrigintzak”.