Irailaren 30ean bukatzen da Fagor Herrigintza lankidetza programan proiektuak aurkezteko epea. Laugarren urtez jarraian, Euskal Herri hobe baten aldeko lanean ari diren gizarte eragileen egitasmoak laguntzeko ekinbidea jarri du martxan Fagor Taldeak, komunitatearekin, eta, oro har, gizarte erronkekin, duen konpromisoa oinarri.
Ohi moduan, hiru laguntza banatuko ditu: 60.000 eurokoa, 40.000 eurokoa eta 20.000 eurokoa -eragileak berak aukeratuko du zein laguntza lerrotan aurkezten duen haren proiektua-. Proiektuak fagor.eus webgunearen bidez aurkeztu beharko dira, eta dokumentazioak euskaraz egon beharko du gutxienez.
Aurten ere Fagorreko kooperatibetako bazkideek aukeratuko dituzte Fagor Herrigintza bidezko laguntzak jasoko dituzten hiru proiektuak. Bada, kooperatiba taldeak haren webgunean argitaratuak dituen oinarrien araberako balorazioa eginda, laguntza lerro bakoitzeko hiru proiektu izango dira bozka fasean -guztira, bederatzi proiektu izango dira bozka fasean-. Azaroan egingo da bozketa, eta abenduko lehen hamabostaldian jakinaraziko da emaitza.
Hona hemen deialdia sare sozial bidez zabaltzeko landuriko bideoa: