Dagoeneko martxan dira Fagor Ederlanek ekoizpen prozesuan sortzen duen bero soberakina aprobetxatzeko District Heating sistema instalatzeko lanak. Helburua da kooperatibaren beroa Aretxabaletako kiroldegira bideratzea -kooperatibak bertan du plantetako bat-, energia termikoz hornitzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Aretxabaletako Udalak, Fagor Ederlanek, eta, oro har, Fagor Taldeak bultzatutako proiektua da. Azken horrek egingo du inbertsio garrantzitsuena, 912.000 eurokoa -1,7 milioi euroko proiektua da-, beroa berreskuratzeko sistemaren instalazioa haren gain hartuz. Urriaren 13an hasi zen obra, eta urtebeteko iraupena du aurreikusia. Lanak hasi berritan, Aretxabaletan batu dira proiektua bultzatzen duten erakundeetako ordezkariak.
Besteren artean, iraunkortasun estrategian jarri du mira Maite Pikasarri Aizpeolea Fagor Ederlaneko kudeaketa sistema, iraunkortasun eta digitalizazio zuzendariak: “Proiektua bat dator iraunkortasun estrategiarekin, eta ingurumenarekin dagoen konpromisoa islatzen du. Harro gaude Debagoieneko trantsizio energetikoa bultzatzen duen proiektu honen parte izateaz. Arrakasta kasu bat da lankidetza publiko komunitarioan”. Bide bereko adierazpenak egin ditu Amaia Agirre Aramburu Fagor Taldeko idazkari orokorrak. “Berotegi efektuko gasak murriztearekin batera, aurrezpen ekonomikoa ekarriko dio Aretxabaletari. Fagorrek plantak dituen herrietako komunitateekin, eta, oro har, herriekin duen konpromisoaren isla da”, adierazi du.
Aukerak eskaintzea
Bere aldetik, enpresek trantsizio energetikoari egin diezaioketen ekarpenaz jardun du Jose Ignacio Asensio Bazterra Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak. “Proiektu honek industria, berrikuntza eta tokiko konpromisoa batzen ditu. Trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra herrietatik eta enpresetatik ere eraikitzen dira”, gaineratu du.
Ostera, Garikoitz Iturbe Etxebarria Aretxabaletako alkateak balioan jarri du erakundeen eta enpresen arteko lankidetza: “Hurbiltasun proiektuek udalerriaren ongizatean eta jasangarritasunean benetan nola eragin dezaketen erakusten duen adibidea da. Garrantzitsua da udalarentzako alferrik galtzen den beroa herriko instalakuntza batean erabiltzea energia sortzeko”.






