Skip to main content

Fagor Taldeko Fagor Automationek posizionamendu berriarekin eta eskaintza berrituarekin helduko dio 2024an hasiko duen plan estrategikoari. Horixe adierazi du kooperatibak industriaren sektorean espezializaturik dagoen Empresa XXI hedabidearen bidez. Era berean, azaldu du azken urteetako hedapenak eragin zuzena izan duela posizionamendu berrian, “teknologiaren, zerbitzuen eta merkatuen alorreko eskaintza dibertsifikatu eta zabalago bat ekarri duelako”.

Hori horrela, Jose Perez Berdud Fagor Automationeko zuzendari orokorrak igoera arin bat eta 83 milioi euroko fakturazio kontsolidatua aurreikusten ditu 2024rako -Covid aurreko urtean 56 milioikoa izan zen fakturazioa, eta, 2020an, 51 milioikoa-. Covid aurreko urteekin alderatuta, %50eko igoera lukete sarrerek, eta, 2024. urte bukaeran, 675 baino gehiago lirateke langileak. Gainera, 2024-2025 aldiari begira, kooperatibak inbertsio berriak ditu aurreikusirik Arrasateko (Gipuzkoa, Euskal Herria) eta Eskoriatzako (Gipuzkoa, Euskal Herria) egoitzetan.

Berrikuntza

Berrikuntzan sakontzen jarraitzen du Fagor Automationek. Horren adibide dira FR Engraving italiarra erosi edota Savvyren (digitala) eta Wooptixen (metrologia) kapitaletan sartu izana. Gainera, berrikuntzan eta garapenean inbertitzen segitzeko apustuari heltzen dio, nagusiki, haren teknologia zentroak abiaraziriko proiektuak bultzatuz -urtean 10 milioi euro inguru bideratzen du kooperatibak gisako proiektuetara-. “Inbertsioa goraka doa urtez urte. Geldi egotea ez da aukera bat. Lehiakideek mundu mailan dihardute eta oso handiak dira”, adierazi du kooperatibako zuzendari orokorrak.

Nazioarteko begirada

Empresa XXI hedabideak Fagor Automationen mundu mailako posizionamenduaren hobekuntzaren inguruan ere egin du berba. Zehatz esanda, azken urteetan, horretarako bitartekoak indartu ditu, eta leku handiagoetara lekualdatu ditu Pekingo (Txina), Bangaloreko (India), Milango (Italia) eta Illinoiseko (AEB) egoitzak; eta espazio berri bat zabaldu du Tokion (Japonia). Gainera, gaur-gaurkoz, mahai gainean du Turkian eta Txekian egoitzak zabaltzeko aukera.

Azken urteetan eginiko urratsak baliagarri izan zaizkio Fagor Automationi haren eskaintza zabaltzeko: “Zerbitzuen dibisioa eta erdieroale, metrologia, instalakuntza zientifiko eta ITS sektoreetarako dibertsifikazioa kontsolidatu ditugu. Gainera, zehaztasun handiagoa duten eta sendoagoak diren CNC eta Atzitze produktuak, konektibitate eta kustomizazio sendoagoko HMI soluzioak eta lehen eraztun optiko absolutuak merkaturatu ditugu”.