Fagor Automation kooperatiba merkatu berrietara zabalduko da. Horrela du zehaztuta 2025-2028 Plan Estrategikoan. Smart Encoder System (SES) sistemaren bidez, dibertsifikazio, zabaltze eta berrikuntza prozesu bat hasiko du. Fagor Automationen apustu handienetako bat da. Prozesu horrek, CNC eta Feedback zein Service negozioen zabalkundea eta SES sistemaren kontsolidatzea ekarriko ditu.
Fagor Automationen hazkunderako tresna nagusia izango da Smart Encoder System sistemaren plan berria. Lau urteko plan estrategiko horretan, lehenengo urterako, 2024arekin alderatuta, %1eko hazkundea izatea espero du, merkatuetan testuinguru geopolitikoak eragindako ziurgabetasuna izan arren. Bestetik, makina erremintatik haratago, 100 milioi euro fakturatzea aurreikusten du 2028rako epealdian, eta, horrekin, urtean 100 milioi euroko fakturazioa gainditzen duen enpresa moduan posizionatzea. Fagor Automationeko zuzendaria den Jose Perez Berdudek honako hau gaineratu du: “Gaur egungo industria azkarrenen eta konplexuenen zehaztasun eskaerak asetzeko diseinatutako negozioa da gurea, metrologiaren, erdieroaleen eta instalazio zientifiko handien industriena, esaterako”.
Aukera berriak
Estrategia berriarekin, negozioa Japon, Korea edo Taiwanera zabaltzeko aukera ikusten du Fagor Automationek. Perezen esanetan, hazkunderako aukera handia duten herrialdeak dira eta posizionamendu teknologiko “oso garrantzitsua” dute. Era berean, lanean jarraituko dute Txina eta Estatu Batuetako merkatuekin.
Horrez gain, Perezek nabarmendu du azoka internazionaletara joatea garrantzitsua izan dela Fagor Automationen marka ezagutarazteko. “Horri esker, erdieroaleen sektorean kontsolidatu da Fagor Automation, eta enpresa teknologiko esanguratsu moduan ikusten da orain”, gaineratu du.



 
					


