Skip to main content

Euskararen Nazioarteko Egunaren aitzakiapean, ekitaldi berezia antolatu zuen Fagor Arrasatek abenduaren 3an. Besteren artean, kooperatibako euskara planaren 20. urteurrenean eta Fagor Taldeak 2021-2024 epealdirako landuriko euskara planean jarri gura izan zuen mira Fagor Arrasateko Euskara Batzordeak. Eta Kike Amonarriz soziolinguista eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariaren laguntza izan zuen zeregin horretan -gonbidapena onartuta, ekitaldian esku hartu zuen, hainbaten artean, euskararen erronka nagusien berri emanez-.

Hain zuzen ere, hiru bloke nagusitan banatu zen saioa. Lehenik, euskararen normalizaziorako planaren 20. urteurrena ospatu guran, Fagor Arrasateko Euskara Batzordeko kideek landuriko ikus-entzunezkoa izan zuten gozagai bertaraturikoak. Orain arteko ibilbidearen laburpen moduko bat eskaini zuen hark, alorrean ibiliriko zenbait protagonisten testigantzak oinarri. Ostean, ohiko bilakatu diren Euskararen Eguneko aitortzak banatu eta aurrera begira jartzeko unea heldu zen: Euskara Batzordeak hurrengo urteetarako landua duen proposamena azaldu zuen Martin Laka Kontseilu Errektoreko kideak. Aurrekoak eginda, Kike Amonarrizen berbaldiaren txanda heldu zen.

Oro har, askotarikoak izan ziren soziolinguista eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak nabarmendurikoak, beti ere, euskararen erronka nagusien ingurukoak ardatz. Haren esanetan, gizartea fase berri batean dago murgildurik, “belaunaldi berriek euskaraz badakitelako”. Hori horrela, esparru sozio-ekonomikoan indarra eta baliabideak jartzearen alde agertu zen, orain arte hezkuntzan egin den moduan. Gainera, baikor azaldu zen aurrera begirakoan, besteren artean, belaunaldi berrien euskara mailagatik, euskararen normalizazioan dagoen ezagutza metatuagatik zein erakunde publikoak eta euskalgintza pausuak elkarrekin ematen hasita egoteagatik. “Ea bada, aukera horiek aprobetxatu eta ilusioz jarraitzen dugun aurrera. Lan asko egin dugu, baina oraindik asko dugu egiteko”, esanez bukatu zuen berbaldia.