Mondragon Ingurumen Foroaren hemezortzigarren edizioa egin da Arrasateko (Gipuzkoa) Garaia Parke Teknologikoan, gaurko ingurumen arazoez zein epe ertain eta luzeko erronkez jarduteko. Fagor Taldeko ordezkaritza ere izan da hitzorduan, eta, besteren artean, ekonomia zirkularraren, retailaren eta packagingaren alorreko soluzio berritzaileak aurkeztu ditu Javier Arenas Lopez Fagor Automationeko Berrikuntzako zuzendaria. Oro har, ingurumen izapideak, energia kontsumoaren murrizketa, ekodiseinu ziurtagiria eta isurien konpentsazioa izan ditu berbagai foroak, eta, hori horrela, ingurumen, kalitate zein berrikuntzako ordezkariek egiten dute bat hitzorduarekin.
Besteren artean, foroak elkarlanerako gune moduan duen garrantzian jarri du azpimarra Carolina Mejia Niño Mondragoneko Berrikuntza proiektuen arduradunak. ”Esaterako, kooperatibei lagundu gura die material berrietako proiektuen, ekodiseinuko estrategien, zirkulartasun azterketen, klima aldaketaren ondorioen eta produktuaren pasaporte digitalaren garapenean”, azaldu du. Bide horretan, 2025eko lan ildoak eta lege nobedade nagusiak, Mondragon Politika klimatikoa eta 2030erako emisioen proiekzioaren ingurukoak azaldu dituzte Mondragoneko zenbait ordezkarik.
Gainera, kasu praktikoez jarduteko aukera izan dute zenbait kooperatibek, tartean, Fagor Automationek. Zehatz esanda, ekonomia zirkularraren, retailaren eta packagingaren alorreko soluzio berritzaileak aurkeztu ditu. Era berean, berbagaien artean izan dira iraunkortasun estrategia eta gobernantza; baliabideak optimizatzeko eta arriskuak kudeatzeko esperientziak; eta trantsizio berdea zein araudietara egokitzea.