Skip to main content

Fagor Taldeko Copreci kooperatiba saritu dute LH Duala Euskaraz egitasmoaren aitortza ekitaldian, Lanbide Heziketa eta ikasleen lan munduratzea euskaraz gauza daitezen eskaintzen dituen aukerengatik, eta, oro har, lan eremuan euskararen erabilera sustatzeko duen konpromisoarengatik. Urnietako (Gipuzkoa) Salestarrak-Magale Lanbide Heziketako ikastetxean egin da aitortza ekitaldian, eta, Coprecirenarekin batera, Aita Menniren eta Elkarmendiaren ibilbideak izan dira aitortuak.  Laneki elkartearen, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanean oinarrituta, LH Duala Euskaraz ekimenaren helburua da ikasleen euskara ezagutza maila akuilu izatea lan mundua euskaratzeko.

Jasotako aitorpena eskertu du Coprecik, eta bide bereko urratsak egiten segitzeko konpromisoa berretsi du: “Lanbide Heziketan euskarak duen balioaren kontzientzia eta jarrera piztea da helburua. Horretarako, garrantzitsua da heziketa prozesua eta lana euskaraz egiteak duen balioa ikusaraztea eta euskaraz ari diren lantokien komunitateko esperientziak aitortzea. Bide horretan doa aitortza berria. Orain arte moduan, euskara lan munduan normalizatzeko urratsak egiten jarraituko dugu”.

Euskara eta lehiakortasuna

Urteak dira Fagor Taldeak euskararen normalizazioren aldeko konpromisoari heldu ziola. Ordutik, bateko eta besteko ekimenekin ari da, euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzetik harago, hizkuntzak iraunkortasunari eta lehiakortasunari egin diezaiekeen ekarpenaz jakitun. Hain zuzen ere, horixe bera ikertu du berriki Emun aholkularitza kooperatibak Gehi ikerketarekin -ikerturikoen artean izan da Fagor Electrónica kooperatiba-. “Azken 40 urtetan asko aldatu da lehiakortasuna ulertzeko modua, eta ikusi da, gero eta aldagai gehiagok eragiten dutela hartan: aldagai ekonomikoek, sozialek eta ingurumenekoek. Beraz, esan daiteke lehiakortasunerako aldagai direla euskara planak”, azaldu du Olatz Olaso Garitano Emuneko aholkulariak. Eta gaineratu du euskara “indartzeaz” gain, kohesioan, langileen gogobetetzean edota parte hartzean laguntzen dutela euskara planek.

Heziketa, euskaraz

2023an jasotako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 14.633 ikasle izan dira Lanbide Heziketa Dualean. Horietatik 4.050 ikasle aritu dira euskaraz. Eta, Gipuzkoan, 4.016 lantokik baino gehiagok eskaini dute Lanbide Heziketa Duala euskaraz egiteko aukera (Bizkaian, 2.067 izan dira; eta, Araban, 450). Talde horretan dira Fagor Taldeko zortzi kooperatibak (Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Ederlan, Fagor Electrónica, Fagor Industrial, Copreci, Galbaian eta Mondragon Assembly).