Skip to main content

Mugikortasun iraunkorra bultzatu guran 2020an martxan jarririko Fagor Mugi egitasmoa indartzeko prozesuari ekingo dio Fagor Taldeak. Hortik abiatuta, datozen urteetarako mugikortasun plana egingo luke. Prozesuan, besteren artean, esangura handia izango du Fagor Taldeko kooperatibetako kideen mugikortasun ohiturak eta beharrak ezagutzeak. Helburu horrekin, bada, galdetegi bat banatuko da Taldeko kooperatibetan datorren astean. “Fagor Taldean sortuak daude mugikortasun iraunkorraren sustapenerako zenbait tresna eta egitasmo. Tartean da Fagor Mugi. Dena den, harago egitea da asmoa. Fagor Taldea hasia da lanean tresna zein egitasmoak indartzeko eta mugikortasun iraunkorrerako plan bat egiteko”, argitu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Bada, diagnostikoarekin hasiko litzateke prozesua. Eta hortik abiatuta egingo litzateke datozen urteetarako ekintza plana -kooperatiba bakoitzak harena izango luke, haren testuingurura egokiturikoa-. Aurreikuspenen arabera, urrirako bukatua legoke prozesua. “Fagor Taldeko kooperatibetara mugatu bariko plangintza bat egin liteke, Debagoiena mailakoa. Tartean, sinergiak bila daitezke kooperatiben eta bailarako erakunde publikoen artean, besteren artean, Debagoina barruko mugikortasun aukera desberdinen antolaketa egokirako. Aukerak egon badaude”, aitortu du Iraunkortasun arduradunak.

Fagor Mugi, kilometro iraunkorrak pilatzen

Langileen artean mugikortasun iraunkorra sustatzeko tresnak eskaini guran, Fagor Mugi egitasmoa jarri zuen martxan Fagor Taldeak 2020an. Haren bidez, kilometroak pilatzen dituzte lanerako bidea oinez, bizikletaz, patinetez, garraio publikoan edo auto partekatuan egiten duten Fagorreko kideek -egitasmoaren izen bereko mugikorreko aplikazioan gordetzen dira kilometro iraunkorrak-. Eta sariak jasotzen dira horren truke. Horien artean dira eskualdeko dendetarako erosketa bonuak edo Gipuzkoako garraio publikoan erabilgarri den Mugi txarteleko errekarguak.

Gaur-gaurkoz, 278.507 kilometro iraunkor dituzte pilaturik Fagor Mugi aplikazioa darabilten Fagorreko 472 kideek -59.617kg CO2 baino gehiagoren isurketa saihestea ekarri du horrek-.