1,4 tona elikagai -arroza, pasta, lekaleak, olioa eta kontserbak- bidali ditu Fagorrek Lesbosko (Grezia) errefuxiatuen kanpamentura, Zaporeak elkartearekin batera haren kooperatibetako 30 egoitzetan egindako elikagai bilketari esker. Aurten, 2022an hasitako elkarlanari jarraipena emanez, hirugarrenez egin du kooperatiba taldeak elikagai bilketa, eta, aurreko urteetan moduan, harrera ona izan du bazkideen artean. Uztailaren 2tik 14ra izan dute martxan, eta Fagorreko kooperatiba guztietan egon dira bilketa guneak.
“Duela hiru urte egin zen lehen bilketa. 1,4 tona elikagai bildu ziren. Iaz, behera egin zuen kopuruak, baina, artean ere, tona bat bidali zen Lesbosera. Orain, urtebetera, lehen urteko kopurua berreskuratu da. Bazkideek euren konpromisoa mantentzen dute, beraz. Pozik egoteko moduko kopurua da”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Zaporeak elkarteko ordezkariek, euren aldetik, eskerrak eman dizkiete Fagorreko kideei. “Zuen moduko jendeari esker, lanean jarrai dezake Zaporeakek”, gaineratu dute.
Elikagai beharra
Uda sasoian handitu egiten da Lesbosko kanpamentuko elikagai beharra, errefuxiatu kopuruak gora egin ohi baitu nabarmen. Zehatz esanda, urtean zehar 2.000 otordu banatzen baditu ere, uda sasoian 3.000 banatzera heltzen da Zaporeak. Horixe da Fagorrek elikagai bilketa uztailean egin izanaren arrazoia.