Aurten ere, 12.000 euroko ekarpena egin dio Fagor Taldeak EITB Maratoiari. Zehatz esanda, zahartze osasuntsuaren ikerketara bideratuko da haren bidez bilduriko dirua, Mugi gaitezen prebentzioaren eta ikerketaren alde, zahartze aktibo eta osasuntsu baten alde lelopean egindako kanpainara. Zahartze osasuntsua erdigunean, haren alea jarri gura izan du Fagor Taldeak. Guztira, 360.000 eurotik gora bideratuko dira ikerketara.
“Gizarte osasuntsu bat bermatzera bidean, sekulako garrantzia du ikerketak. Horretarako baliabideak indartu gura ditu EITB Maratoiak. Aurten, gainera, adinekoengan jarri du mira, besteren artean, euren ongizatea erdigunean jarrita. Fagorrek, gizarte konpromisoz, lurraldearen eta pertsonen ongizatearen alde dihardu lanean, eta, bide horretan, demografia zahartzen ari den honetan, garrantzitsua da adinekoen kolektiboaren alde jardutea. Horregatik erabaki du Fagorrek aurten ere haren aletxoa jartzea”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak”.
Bizialdi luzea
Kanpainaren helburua ez da jendea urte gehiago bizitzekoa soilik. Urte horietan hobeto bizi ahal izateko bitartekoak ere eskaini gura ditu. “Belaunaldiak elkartu nahi dituen kanpaina bat da, ondo bizitako bizialdi luze baten alde egiten duena”, azaldu dute kanpainaren bultzatzaileek.
Mundu osoan, gero eta urte gehiago bizi dira pertsonak. 2020an, 60 urtetik gorako pertsonen kopuruak 5 urtetik beherakoena gainditu zuen. Aurreikusten da datozen urteetan joerak bide berdinean jarraitzea.
23 urteko ibilbidea
23 urteko ibilbidea du EITB Maratoiak, eta, ordutik, 19,9 milioi euro bildu ditu patologia ezberdinei loturiko 128 ikerkuntza proiektutarako -horien artean dira zahartze osasuntsua, minbizia, iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, gaixotasun kardiobaskularrak, Alzheimerra, autismoa, ezgaitasun intelektuala, buruko gaixotasuna, hartutako kalte zerebrala, transplanteak eta gaixotasun arraroa-.






