Skip to main content

Urtero lez, boluntario bila ari da First Lego League Euskadi-Mondragon. Otsailaren 28an egingo dira finalak, EAEko bost egoitzatan -Mondragon Unibertsitatearen Bilboko egoitza izango da aurtengo berrikuntza- eta zabalik da hitzorduotan boluntario izan gura dutenendako izen-ematea. Oro har, gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak modu praktikoan eta dibertigarrian sustatu gura dituen erreferentziazko hezkuntza-programa da FLL, eta, Mondragon Unibertsitateak, Arrasaten (Gipuzkoa) eta Bilbon (Bizkaia) antolatuko ditu finalak. Aurten ere ekimenarekin bat egina dugunez, boluntario gisa jardutera animatzen zaituztegu.

FLLen aurtengo erronkak Unearthed du izena -iragana aztertzea etorkizuna eraikitzeko-, eta arkeologia du oinarri. Xedea da gazteak zientzia eta berrikuntza erabiltzera animatzea, eta, horren bidez, historia ulertzea. “Orain artean, testuinguru horretan, ikasleek Munduko Ondare izendatutako haitzuloak esploratu, indusketarako eta kontserbaziorako teknikak ikasi, jatorrizko aztarnak aztertu eta hizketaldiak izan dituzte egunerokoan ikerkuntzan jarduten duten profesionalekin”, diote antolakuntzatik.

Ohi moduan, bi maila eskaintzen ditu ekinbideak: Explore, 6 eta 9 urte artekoendako; eta, Challenge, 10 eta 16 urte bitartekoendako. FLL Euskadi-Mondragon lehiaketako lehen sailkatuek, estatu mailako txapelketan jarduteko txartela lortuko dute.

Hainbat rol

Boluntarioendako rol desberdinak eskaini ohi ditu FLL Euskadi-Mondragonek: arbitroa (roboten jolasa kontrolatzea), epailea (taldeen lana baloratzea eta sariak erabakitzea), floaterra (taldeei laguntza eskaintzea hitzorduetara garaiz heltzeko eta ondo pasatzen dutela bermatzea), zientzialaria (taldeen lana baloratzea eta lorpenak zoriontzea), timekeeper & scorekeeper (mahai-jokoaren softwarea eta partiden iraupena kontrolatzea) eta eremuen arduraduna (lehiaketak hartzen duen espazioa kontrolatzea taldeek prozesu osoaz gozatzen dutela bermatzeko).