Aitzol Loyola Idiaquez

2007. urtetik, LANKI Mondragon Unibertsitateko kooperatibismoaren ikertegiko irakasle eta ikertzailea. Soziologian lizentziatua.

Blogera itzuli
Kooperatibagintza

Enpresa kooperatiboak denboran iraunkorrak izateko ezinbestekoa da kultura kooperatiboaren oinarria. Balore kooperatiboak elikatu ezean, kooperatibek zailtasunak izango dituzte etorkizuneko erronka enpresarialei eta sozialei ondo erantzuteko. Hor kokatzen da hezkuntza kooperatiboaren garrantzia.

Azken urteetan, pauso garrantzitsuak eman dira arlo horretan. Kooperatiba askok jada modu sistematikoan egiten dituzte hainbat formazio programa: bazkide berrientzako formazioak, organo sozialetako kideentzako formazioak, Aditu ikastaroa, kolektibo osoarekin formazio edota hausnarketa prozesuak…. Kooperatiba guztietan, horien inplementazioa bermatzea da lehen zeregina.

Baina hori jada ez da nahikoa: nortasun eta konpromiso kooperatiboa sendotzea da zehaztu dugun erronka estrategikoetako bat, eta, horretarako, anbizioa behar da hezkuntza kooperatiboan ere.

Erronka nagusia honako hau da: formazio puntualen logikatik etengabeko hezkuntza kooperatibo estrategia baten diseinura jauzi egitea. Beste hitz batzuekin esanda: pertsona bat kooperatiban lanean hasten denetik bere bazkide ibilbidea amaitzen duen arte, etengabe hezkuntza kooperatiboa izango duela bermatzen duen estrategia bat diseinatzea.

Norabide horretan ekarpen bat egiteko asmoz, etengabeko hezkuntza kooperatiboaren MAPA bat sortu dugu. Formazio askotarikoak biltzen ditu (bazkide ez diren langileentzako formazioa, bazkide berrientzako harrera planak, kolektibo osoarentzako formazio “pilulak”, “neurrira” diseinatutako hausnarketa prozesuak…), eta kooperatiba bakoitzak bere errealitatera egokitu dezan aukera ere eskaintzen du. Etengabeko hezkuntza estrategia irudikatzeko abiapuntu ona izan daiteke MAPA hori, eta, baliagarria, kooperatiba bakoitzak, bere errealitatetik abiatuta, estrategia propio bat diseinatzeko.

Gainera, ezinbestekoa izango da estrategia hori gestio planean ere txertatzea, bestela praktikan inplementatu gabe geratu daiteke (unean uneko beste urgentzia batzuk tarteko). Enpresa garatzeko estrategiak zehazten ditugun moduan, balore eta pertsona kooperatiboak garatzeko hezkuntza estrategia txertatu behar dugu kudeaketa planean.

Kooperatiben etorkizuna eta sendotasuna ez dira soilik estrategia enpresarial, teknologiko eta energetikoetan jokatzen, bazkideen kontzientzia kooperatiboa ere funtsezko gakoa izango da (besteak beste, bazkideen konpromisoa izango delako helburu sozio-enpresarialak lortzeko gako inportante bat). Horregatik, Kooperatiba proiektu sozio-enpresarial gisa garatzeko estrategiaren parte izan behar da hezkuntza kooperatiboa ere. Funtsezkoa da etengabeko hezkuntza kooperatibo estrategia batera jauzi egin eta hori kudeaketa sisteman txertatzea.

Erronka hori dugu esku artean, eta anbizioz eta erantzukizunez heltzea dagokigu.

Idatzi iruzkina