Mireia Muruamendiaraz Gutierrez
Arizmendi Ikastolako zuzendaria Berrikuntza Pedagogikoaren alorrean. Ingeles Filologian lizentziaduna.
Arizmendi Ikastolako zuzendaria Berrikuntza Pedagogikoaren alorrean. Ingeles Filologian lizentziaduna.
Uste dugu, gero eta aldakorragoa den, eta ondorioz, gero eta ziurtasun gutxiago eskaintzen duen mundu honetarako, gure gazteak prestatzea dela hezkuntza-erakundeongandik espero dena. Edo hori da behintzat Arizmendi Ikastolan hartu dugun enkargua. Eta argi daukagu, horretarako, beste batzuekin batera gizarte-eragile garen aldetik, herri honen eta gizarte honen eraikuntzan oinarri sendoak jartzea dagokigula.
Gazteak prestatze hori, ordea, hainbat modutara egin daiteke, eta arreta gunea leku desberdinetan jarrita egin daiteke, gainera. Gu, pertsonaren garapena erdigunean jartzen duen hezkuntza-proposamen bat ari gara jartzen mahai gainean. Eta honek zera eskatzen du, prestakuntza akademikoaz harago, ikaslea zein ikas-irakas prozesua pertsonaren garapenean oinarrituriko ikuspegitik abiatzea.
Gaur gaurkoz kanpo-frogek zein bestelako presioek sinestarazi digute gure egiteko nagusia eskola-ibilbidea amaitzen dutenerako ikasleak akademikoki ondo prestatzea dela. Baina prestakuntza hau, euren une horretako bizitzarako eta etorkizunerako, mugatua dela uste dugu, ikasle horiek sistema estandarizatu horretan arrakasta izateak ez baitu bermatzen etorkizuneko testuinguru berrietan ondo prestatutako pertsonak eta profesionalak izango direnik.
Gainera, egungo hezkuntza, oro har, planteatuta dagoen moduan, ez da motibagarria, ez ikasleentzat, ez irakasleentzat, ezta familientzat ere. Zenbait kasutan, porrot pertsonala ezkutatzen da emaitza onen atzean, eta beste askotan, berriz, porrot eskolarrak porrot pertsonala eragiten du. Eta jakin badakigu porrot batek zein besteak zer nolako sufrimendua eragiten duen ikasleengan.
Aldaketez eta galderez beteriko etorkizun horretarako prestatzeko, geure ikasleei egin diezaiekegun ekarpen handiena hauxe da: pertsona gisa bere dimentsio anitzetan garatzen laguntzea, euren ibilbide propioa egiten laguntzea, hortik aurrera euren bizitza-proiektua eraiki dezaten.
Funtsezko galdera batera garamatza honek, ordea. Zein bereizgarri garatu beharko dituzte gure ikasleek etorkizuneko gizarte horretan arrakasta izan dezaten? Gure buruari galdera hau egin genion, eta hausnarketa sakon batean murgildu ginen. Gaur, Euskal Herriko 115 ikastolok partekatzen dugun pertsona-eredua daukagu mahai gainean, hots, ondorengo irudian jasotzen diren bost bereizgarriz eta 18 ezaugarriz definitutako euskal herritarrak:
Definitzea erraza izan daiteke, baina ondoren ikaskuntza eredu integral bat eraiki beharra dago. Horretarako, fokua aldatu egin dugu, curriculumeko eduki eta konpetentzietatik harago jauzi bat emanez. Egiten ikastetik izaten ikastera egin dugu jauzi, eta horretarako, errotik berria den hezkuntza eraiki behar izan dugu pertsonaren, tokian tokiko komunitateen, munduaren, beharrei erantzuten trebatzeko.
Ez da erronka makala parean daukaguna, baina sinisten dugu gure egitekoan, eta ilusioz kokatzen gara, gainera, erronka berri honen aurrean. Hezkuntza-eredua bere osotasunean irauli behar dugu, ikasle eta irakaslearen rolak, espazioak eta denborak berrantolatuz; irakastetik ikastera jauzei eginez; arreta nagusia izaten ikastean jarriz, azken batean.
Izan gaitezen ausartak eta eman diezaiegun gure haur eta gazteei behar duten hori, merezi duten hori, beraiek baitira gure etorkizuneko protagonistak, gizarte hobea eraikiko dutenak.