Jasone Mendizabal Taupa Fagor bloga-txikia

Jasone Mendizabal Altuna

Taupako Koordinatzaile Orokorra (2024ko abendura arte Euskaltzaleen Topagunea). Enpresagintzan lizentziatua.

Blogera itzuli
Euskara

Euskararen biziberritzean jauzi kualitatibo bat emateko garaia da. Urte luzez gizartearen hainbat eremutan lan handia egin da eta gero eta nabarmenagoa da arlo sozioekonomikoan bereziki eragin beharra. Enpresetan hizkuntzaren kudeaketaren inguruan gertatzen denak, herritarren behar eta motibazioetan eragiten du zuzenean eta baita hizkuntza-ohituretan ere.

Une honetan bestalde, badakigu enpresen baitan euskara biziberritzeko egiten diren ahaleginek enpresaren emaitzatan eragiten dutela. EMUNek, Fagor Electronican, Eikan eta Danobaten  berriki egindako GEHI ikerketak frogatu du euskararen aldeko planek enpresen lehiakortasunean, barne kohesioan eta lan giroan eragin positiboa dutela. Euskara baliabide estrategiko bihur daiteke, eta ez soilik identitatearen isla modura, baizik eta enpresen funtzionamendua hobetzen duen osagai gisa. Zoritxarrez, oraindik enpresa oso gutxik dituzte euskara planak eta horiek hedatu eta orokortzeko eragin beharra dago.

Sistemako beste hari mutur batzuk mugitu beharko dira arlo sozioekonomikoan eragiteko eta enpresa eremuan eraginda, sistema osoa mugiarazteko. Bata eta bestea. Gizarteko arloak elkarri lotuta daude, eta horien arteko harremanak ulertzea eta lantzea izango da benetako jauzia emateko gakoa.

Konpromiso partekatua behar da jauzi hori irmo egiteko. Eragile publikoek euskalduntze prozesuan duten erantzukizuna funtsezkoa da. Sustapenean ez ezik, araugintzan ere urrats sendoak eman daitezke, besteak beste, euskara planen hedapena, genero planak bezala, orokortu daitezen. Horrekin batera, beharrezkoa izango da herri giro euskaltzalea indartzea eta herritarraak ahalduntzea, enpresek behar dituzten langile, herritar erabiltzaile eta aliatuekin batera aurrera egin dezaten euskalduntze prozesuak. Eta horretan ere akuilu lana egin nahi du Euskaraldiak.

Adierazpen aurreratuak baditugu arlo sozioekonomikoan, zorionez. FAGOR bezalako enpresetan, euskara planek bide sendoa eta eredugarria egin dute hamarkadatan. Euskara enpresaren estrategiarekin uztartu da, eta langileen artean euskaraz jarduteko aukerak zabaltzeaz gain, kultura aldaketa ere ekarri du. Erakundearen egiturazko aukerak dena alda dezake, hizkuntza hautua ez baita norbanakoaren ahalegin hutsa.

Rol pertsonalak bultzatu ditu, besteak beste, Euskaraldiak, Ahobizien eta Belarripresten hausnarketa eta konpromiso indibidualak sustatzeko. Ariguneen bidez, berriz, eremu kolektiboan, askotariko entitate eta enpresatan eragitea izan dugu helburu, hizkuntza-ohiturak kolektiboki lantzeko egiturak sortuz. Ariguneak antolatzea, gainera, erakunde barruko hizkuntza-kudeaketa sistematizatzeko aukera dira.

Alde guztietatik ikusita, jauzi eraginkorra egiteko ezinbestekoa izango da elkarlanean oinarritutako estrategia partekatuak sustatzea. Arlo sozioekonomikoak ez du hizkuntzaren biziberritzean osagarri funtzioa bakarrik: eragile nagusietako bat da. Gaitasuna du baldintza soziolinguistikoak aldatzeko, eta horregatik, euskararen aldeko politiketan ezin da bigarren mailan utzi.

Lankidetza ezinbesteko osagaia izan da baita ere, Antzuolan abiatu berri dugun Antzuola Arigune proiektu esperimentalean. Euskaraldiko Arigunea oinarri hartuta, Gipuzkoa osoa Arigune bilakatzeko esperimentazioa abiatu dugu Antzuolan eta herri osoa Arigunea bilakatzeko ibilbidea abiatu dugu askotariko eragileekin elkarlanean sare zabal bat osatuz: Antzulako herritar euskaltzalek, herri eragileak, Udala, Gipuzkoako aldundia, Taupa, EMUN eta euskara plan aurreratuak dituzten bertako hiru enpresa inplikatu dira proiektuan. Oraindik bidea hasi besterik ez dugu egin, baina arlo sozioekonomikoa prozesuan inplikatu izana herri prozesurako indargune galanta izango dela zalantza izpirik ez daukadan moduan, herri prozesua ere akuilu ona izango da bertako enpresatan euskalduntze prozesuetan sakontzeko.

Datuak, praktika arrakastatsuak eta esperientzia kolektiboak hor daude. Esperimentazioan gabiltza denok eta ezagutza horiek guztiak partekatu eta oinarri hartu behar ditugu hurrengo jauzia emateko. Zubiak eraiki behar ditugu eremu ezberdinen artean, eta hizkuntzaren aldeko jarduna gizartearen erdigunean kokatu.

Irtenbide eraginkorrak ez dira sektore jakin batetik etorriko soilik, sistema osoaren konplizitateaz eraikiko dira, kate begi bakoitza aktibatu eta elkar lotuta. Horregatik, behar ditugu erakundeak eta euskaltzaleak, administrazioaren babesa eta herri-mugimenduen bultzada, norbanakoaren ahalegina eta erakundeen ardura estrategikoa. Eta hauetako katebegi bakoitzean zer paper jokatzen dugun eta joka dezakegun hausnartu eta aktibatzea.

Azken batean, eraldaketa sozial handi bat eskatzen du euskararen biziberritze prozesuak eta eraldaketa horretarako akuilu izan nahi du Euskaraldiak, herritarrak eta askotariko eragileak urrats berriak ematera gonbidatuz. Eraldaketa oro norberangandik hasten denez, galdera honi erantzun diezaiozun gonbidatzen zaitut: eta zuk zein kate begitan eragin dezakezu? Gauza bat argi dut, elkarrekin samurrago egingo dugu eta urrunago iritsiko gara.

Idatzi iruzkina