Mikel Roman Larrabe
Debagoieneko Tokixan elikadura sareko koordinatzailea eta barazki ekoizlea.
Debagoieneko Tokixan elikadura sareko koordinatzailea eta barazki ekoizlea.
Herritarren gehiengoak kontrako pertzepzioa badu ere, nekazaritza da klima aldaketa bultzatzen duten Berotegi-Efektuko Gasen (BEG) isurketen erantzule nagusietakoa. Elikadura sistemek eragindakoak, beraien osotasunean (ekoizpenetik xahuketara), BEG isurketa globalen herenetik hurbil daude.
Via Campesinaren arabera, gaur egun nagusi den elikadura ereduarekin munduko elikadura premiak asetzeko behar den ekoizpenaren %150 produzitzera iritsi arren, 900 milioi pertsona gosez daude oraindik. Nekazariak dira gehienak.
Euskal Herriko lehen sektorea eredu horren eraginez jasaten ari den deslokalizazio prozesuaren isla diren datuak ere ematen ditu Etxaldek: Euskal Herrian kontsumitzen diren barazkien %4 baino ez da bertan ekoitzitakoa. Europan ahoratzen ditugun elikagaiek batez beste 4.000 kilometro egiten dituzte gure mahaira iritsi aurretik. Eta joan-etorri horrek eragiten duen gastua gurean nabaritu ez dadin, hutsik gelditzen da ekoizleena poltsikoa. Hemengoei gaizki ordaintzen zaie, eta, urrunagokoei, okerrago.
Haatik, eman beharreko trantsizio ekologikorako arazoa izateaz gain, soluzioa ere bada nekazaritza. Eredu agroekologikoek BEG isuriak murriztu ditzakete eta aukera eskaintzen du lurzoruak karbonoa hartzeko. Beharrezkoa da elikagaien ekoizpen eta kontsumo ereduetan aldaketa eraldatzailea bultzatzea. Sozialki bidezkoak izango diren elikadura sistemak bultzatu behar dira, ingurumenaren eta izaki bizidunen zein pertsonen zaintza bermatzen dutenak.
Debagoieneko zein lurraldeko lehen sektorearen etorkizuna kinka larrian dago, leku gehienetan bezala. Joera hau ez da gurea moduko eskualde industrialetan daukagun arazoa soilik. Europa mailan, une honetan, nekazal erreleboaren erronka erdigunean dute nekazaritza eta elikadura erakunde guztiek.
EAEn nekazarien batez besteko adina 58 urtekoa da, eta, mekanismo berriak aktibatzen ez badira, elikagaien ekoizpenean ari den populazioaren zati handi bat erretiratuko da datozen urteetan, ezagutzaren transmisioa, inguruaren zaintza eta lanpostuei jarraipena ematea bermatu barik.
2020an egindako EAEko azken nekazal erroldaren arabera, 65 urte baino gehiago dituzten titulardunak dira esplotazioen %30,6, eta %10 baino ez dira 40 urte baino gutxiago dituzten ekoizleenak.
Debagoienean, azken hamarkadetan, ia erdira jaitsi da nekazal esplotazioen kopurua. 1989an 1.176 ustiategi baziren, 2020an egindako azken nekazal erroldan, 662 baino ez ziren geratzen aktibo. Gainera, gehienak ez ziren profesionalak -soilik horietatik 100 inguruk dihardute nekazal jarduera profesionalean-. Baratzezaintza arloan, adibidez, 23 etxalde genituen duela 10 urte, eta, orain, 10 bueltan. Beheranzko joera horren arrazoiak askotarikoak izan daitezkeen arren, lan baldintzak, lan karga eta lurrak eskuratzeko zailtasunak dira faktore nabarmenenak.
Hala ere, etorkizuna du lehen sektoreak, ez dagoelako beste erremediorik. Elikatu beharrak, ezinbesteko bihurtzen du.
Baina nolakoa izatea nahi dugu etorkizun hori?
Tokixanetik, galdera horiek erantzun ditugu, eta, gure xumetasunetik, ekimen desberdinak abiatu ditugu erantzun horiek errealitate bihurtzeko, Debagoieneko etorkizuneko elikadura sistema iraunkorraren hazia ereiteko.
Tokixanek, eskualde eskalan, ekoizpenetik kontsumora, behar den elikadura sistema hori diseinatuz, pilotatuz eta garatuz joatea du xede. Gure ikuspegitik, gaur egungo egoeran, 3 ezaugarri hauek izan behar ditu baldintza horiek betetzen dituen ereduak:
Beraz zaindu dezagun ereindako Debagoieneko elikadura sistema iraunkorraren hazia, lurra ongarrituz, ureztatuz eta belar txarrak kenduz, sortuko den landarearen garapena eta jaso beharreko uzta denon artean egindako lanaren emaitza izango baita.