Andoitz Aranburu Irastorza
Fagor Arrasateko Berrikuntzako arduraduna eta Koniker berrikuntza unitateko lehendakaria. Formazioz, ingeniari mekanikoa.
Fagor Arrasateko Berrikuntzako arduraduna eta Koniker berrikuntza unitateko lehendakaria. Formazioz, ingeniari mekanikoa.
Fagor Arrasaten, prozesuen automatizazio soiletik harago doa digitalizazioa: bikaintasuneko salmenta osteko zerbitzu bat eraikitzeko zutabea da. Kooperatibaren helburu nagusia da mundu osoan instalatzen ditugun makinen erabilgarritasuna maximizatzea, bezeroek ekoizpen aldi luzeak, egonkorrak eta beharrezkoak ez diren etenik gabekoak izan ditzaten. Finean, ustekabeko matxura baten ondorioz makina bat gelditzen den bakoitzean, denbora eta produktibitate galerak izaten ditu bezeroak. Beraz, garrantzitsua da horiek saihesteko bitartekoak jartzea. Horretan ari gara, ekuazioa aldatzeko asmoarekin: makina geldirik dagoenean erreakzionatu beharrean, iragarpena eta prebentzioa bihurtzen dira gakoak.
Alegia, garrantzitsua da mantentze lan prediktiboan sakontzea, gerta daitezkeen akatsei aurrea hartzea. Horretarako bide izan daiteke zenbait datu uneoro erregistratzea -tenperatura, bibrazioak, abiadura, karga elektrikoa eta inguruneko aldagaiak-, aztertu eta funtzionamendu normalarekiko desbideratze txikiak antzematean alerta goiztiarrak igortzeko. Eta datuen interpretazioan, rol erabakigarria dute Adimen Artifizialeko (AA) teknikek. Hots, algoritmoak aplikatzen dira, osagai bakoitzaren portaera “osasungarria” zein den ikasteko eta ohiz kanpoko patroiak noiz agertzen diren bereizteko. Gainera, sistemak eboluzionatu egiten du esku-hartze bakoitzarekin, gero eta zehatzagoak diren aurreikuspenak eginez.
Teoriatik harago, badira esandakoaren adibide praktikoak. Horien artean da Fagor Arrasatek Basque Artificial Intelligence Centerrek (BAIC) antolaturiko Datatonen aurkezturiko proiektua, zeinak motor espezifiko baten datu errealak aztertzen dituen, denboran zehar izandako portaera normala moldatzea ahalbidetuz. Adimen Artifizialaren bidez, funtzionamendu leiho optimoak definitzen dira, edozein desbideratze esanguratsu identifikatzen duten alertak konfiguratzearekin batera. Horri esker, zenbait anomalia zuzendu ahal izango ditugu matxura bilakatu aurretik, esku-hartzeak aldez aurretik programatuz eta etenaldiak murriztuz.
Horrek guztiak, nola ez, onurak dakarzkie bezeroei: kostuak murriztea -larrialdiko geldialdiak saihestuta, adibidez-, mantentze lanak hobeto planifikatzea, segurtasuna handitzea eta informazioa eskuragarriago izatea. Finean, aberasgarria da mantentze lan adimentsu baten alde egitea, aurrea hartzeko, prebenitzeko eta optimizatzeko, besteak beste, 4.0 industriako posizioa indartzeko, eta konponketatik harago doan zerbitzu tekniko bat eskaintzeko, eta, horrela, efizientzia eta errendimendu handiagoko soluzioak lortzeko.
Hala, garrantzitsua da ikuspegi estrategikoz egindako digitalizazioa, batez ere, ekoizpen lerroen erabilgarritasunari begira. Urratsez urrats egin beharreko zerbait da. Horretan ari gara, mantentze lan prediktiboko soluzioak zenbait ekoizpen lerrotan integratzen, hainbaten artean, haien sendotasuna, erabilgarritasuna eta fidagarritasuna bermatzeko. Eta urrats berriak egingo ditugu, esan moduan, bikaintasuneko salmenta osteko zerbitzu bat eskaintzeko zutabe baita digitalizazioa.