Fagorrek kooperatiba berri batekin, Fagor Healthcare S. Coop.-ekin, ekin dio 2026ari. Horrenbestez, dagoeneko bederatzi dira Euskal Herriko kooperatiba talde industrial handiena osatzen duten kooperatibak. Fagor Healthcare, 2012an sortu zen, Fagor S. Coop.-ek, Mondragon Innovationekin batera, osasungintzaren sektoreari begirako negozio bat sortzeko apustua egin zuenean. Ordutik, dimentsioa eta bideragarritasuna sendotu ditu, eta Nafarroako Cinfa farmazia-laborategia batu zaio bazkide gisa. Horrek guztiak ahalbidetu dio Fagor Taldeko kooperatiba bilakatzea.
Marka eta merkatuko posizioa indartzea
Osasungintzaren sektoreko kooperatiba batekin, haren marka eta merkatuko posizioa indartu ditu Fagor Taldeak. “Urrats berri honek ahalbidetuko du Fagorrek kooperatiba bat izatea osasungintzaren sektorean. Exijentzia eta zorroztasun handia eskatzen dituen merkatu nitxoa da, beraz, FAGOR markaren fidagarritasuna indartzea ekarriko du. Berri ona da, dudarik gabe”, adierazi du Amaia Agirre Aramburu Fagor Taldeko idazkari orokorrak.
Fagor Healthcarek hamarkadatik gora daroa osasungintzaren sektorean FAGOR markako pilulen dosifikazio sistema pertsonalizatua eskaintzen, besteren artean, pazienteen atxikidura-terapeutikoa hobetzeko eta haien senitartekoei eta zaintzaileei laguntzeko helburuz. Gaur-gaurkoz, ondo dago kokatuta Espainiako Estatuko merkatuan, eta hasia da Europako merkatu desberdinei begira. “Pilulen dosifikaziorako sistema berritzaileei esker, paziente kronikoek behar bezala har dezakete agindutako medikazioa, eta, horrek, haien bizi-kalitatea hobetzea dakar”, azaldu du Gorka Bergaretxe Muguruza Fagor Healthcareko lehendakariak. Dagoeneko 2.500 farmazia baino gehiagok eskaintzen dute haren zerbitzua, eta 60.000tik gora dira FAGOR markako pilulen dosifikazio sistema pertsonalizatua erabiltzen duten pazienteak.
Berrikuntza eta produktu berriak
Fagor Healthcare egunez egun ari da paziente kronikoen bizi-kalitatea hobetu nahian. Horrek, besteren artean, haren produktuetan unean uneko sistema berritzaileak integratu eta pazienteentzako lagungarri izan daitezkeen bestelako produktuak eskaini beharra dakarkio. Bide horretan, oinarrizko dosifikazio sistema pertsonalizatutik harago, medikazioa gogorarazteko merkatuan dagoen Whatsapp bidezko sistema bakarra eta hartualdien betetze-mailaren gaineko kontrol zorrotzagoa eskaintzen duen medikamentuen dosifikaziorako CircuTrack gailua merkaturatu ditu azken urteetan.





