Mondragon Korporazioak urteko kongresua egin du asteazkenean Gasteizko (Araba) Europa Kongresu Jauregian -Mondragoneko kooperatibetako 650 ordezkari bildu ditu, tartean, Fagor Taldekoak-. Besteren artean, 2024ko ekitaldiaren balorazioa egin zuen, urteko datuak eskainiz. Pello Rodriguez Zabaleta Mondragoneko Kontseilu Orokorreko presidenteak “positiboki” baloratu du Korporazioaren bilakaera, “ziurgabetasun geopolitiko handiei eta merkatu globaletako tentsio gero eta handiagoei” aipamen eginda. Zehatz esanda, 2024an, osotara 11.213 milioi euroko salmentak izan zituzten Mondragon osatzen duten Industria eta Banaketarako kooperatibek -2023koarekin alderatuta, %1,6ko igoera izan zuten-. Ostera, 377 milioi euro inbertitu zituzten. Enpleguari dagokionez, 70.000 langile izan zituzten batez beste, eta, horrek, indartu egin zuen haren posizioa EAEko lehen enplegatzaile, Nafarroako bigarren eta estatuko bosgarren enplegatzaile pribatu gisa.
Industria kooperatibak
Mondragoneko kooperatiba industrialek 5.020 milioiko fakturazio bateratuarekin itxi zuten 2024, batez beste, 26.700 langile baino gehiagorekin eta 267 milioi euroko emaitza garbi bateratuarekin. Gainera, 200 milioi euro inbertitu zituzten -azken bosturtekoan kooperatiben inbertsio industrialen zenbateko osoa 903 milioi euro da-. Ikerketaren eta garapenaren alorrean egindako inbertsioak, bestetik, 201 milioi eurokoak izan ziren, hau da, salmenta guztien %4.
“2024ko ekitaldiak Mondragonen eredu kooperatiboaren sendotasuna eta erresilientzia erakutsi ditu berriro. Ezegonkortasunak eta ziurgabetasunak ezaugarritutako ingurune globalean, bere norabideari eutsi dio, salmenten hazkundearekin, errentagarritasun sendoarekin eta etorkizunaren aldeko apustu irmoa islatzen duen inbertsio mailarekin”, adierazi du presidenteak.
Gizarte ekarpena
2024an, gizartearen alorrari loturiko aitortza esanguratsuak jaso zituzten Mondragoneko kooperatibek. Tartean, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusiak espresuki nabarmendu zituen kooperatibak, bereziki, Mondragon, garapen jasangarriari egiten dion ekarpenagatik. Halaber, Orkestrak (Lehiakortasunerako Euskal Institutuak) egindako azterketaren arabera, eredu kooperatiboak dentsitate handia duen eremuetan bermatua dago berdintasunaren sustapenerako eragin positiboa. Horri, kooperatibek eta Mondragon Fundazioak egindako ekarpen soziala gehitu behar zaio, 50 milioi euro baino gehiago bideratu baitituzte, besteak beste, pobrezia eta inklusioa, klima eta biodibertsitatea, kultura, osasuna eta kirola, hezkuntza, euskara eta horrelako gaietan lan egiten duten mila erakunde ingururentzat.