Irailaren 1ean abiaraziko da Fagor Herrigintza lankidetza programa, laugarrenez. Ohi moduan, Euskal Herri hobe bat eraikitzeko lanean diharduten gizarte proiektuak lagunduko dira -hiru egitasmo, orotara-, 60.000 euroko, 40.000 euroko eta 20.000 euroko ekarpenak eginda. Irailaren 30a izango da proiektuak aurkezteko azken eguna.
Aurkeztutako proiektuak aurrez argitaraturiko oinarrien arabera baloratu ostean, bazkideek aukeratuko dituzue Fagor Taldetik lagunduko diren hiru proiektuak, azaroan, horretarako berariaz sortutako bozketa prozesuan -aurten, euskarri berria erabiliko da bozka fasean-.
Deialdi irekia denez, kanpora begirako komunikazio kanpaina berezia dago antolatua. Zehatz esanda, Fagor Herrigintzari buruzkoak irailaren 1etik aurrera ikusi eta entzun ahal izango dituzue tokiko eta Euskal Herri mailako hedabide desberdinetan zein euskarri propioetan. Gaurko artikulu honen bidez, Fagorkideok aurrez ari zarete informazioa jasotzen, gizarte eragileren baten parte izatekotan, proposamenaren lanketari lehenago ekiteko aukera izan dezazuen.
2022an abiatutako lankidetza programa
Euskal gizartetik sortutako ekinbideak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko sortu zen Fagor Herrigintza, 2022an. Haren bidez, Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propioa eta berritzailea ematea helburu duten proiektuak bultzatu nahi ditu Fagor Taldeak. Bazkideek hala bozkatuta, ondoko ekinbideak lagundu dira aurreko edizioetan:
- 2022an: Zaporeak (60.000 euro), Itsas Salbamendu Humanitarioa (40.000 euro) eta Seaska ikastolen federazioa (20.000 euro).
- 2023an: Biolur (60.000 euro), Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa (40.000 euro) eta Iñurri (20.000 euro).
- 2024an: Hiruatx (60.000 euro), Txintxirri ikastola (40.000 euro) eta Ihitten (20.000 euro).