Skip to main content

Fagenezer Fagor Energia Zerbitzuak enpresaren bidez, instalazio fotovoltaiko berriak egingo dira Fagor Arrasate eta Copreci kooperatibetan. Horiekin, energia berriztagarrien eta autokontsumoaren aldeko apustua berretsi du Fagor Taldeak. Iraunkortasunaren bidean egindako urratsa ez ezik, energia merkatuaren gorabeherekiko dependentzia murrizteko ekintza ere bada instalazio fotovoltaikoena. “Autokontsumo fotovoltaikoa aukera bat da merkatu elektrikoarekiko menpekotasuna murriztu eta datozen urteetan prezioek izango duten aldakortasunaren aurrean energia kostu lehiakor eta egonkorragoak izateko”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Fagor Arrasateren kasuan, 314,64 kWp-ko teilatu fotovoltaikoa jarriko da Arrasateko (Gipuzkoa) planta berrian, eta 1 MWh-ko energia biltegiratzea izango du -bateria bidezko biltegiratzea izango duen Fagorreko lehen instalazioa izango da-. Horretan geratu barik, beste instalazio fotovoltaiko bat jarriko da aparkaleku berriaren zati estalian, 504,35 kWp-koa. Fagor Arrasateren energia kontsumoaren erdia hornitzeko gaitasuna lukete horiek biek. Ostera, Coprecin ere jarriko dira eguzki plakak: teilatu osoa aprobetxatuko da 885,5 kWp-ko instalazio egiteko. Potentzia horrekin, energia kontsumoaren %7 inguru hornituko litzateke. 2026 bukaerarako bukatuta behar luketen instalaziook 1,7 milioi euro pasako aurrekontua dute osotara -inbertsioaren %29 jasoko da dirulaguntzetan-.

Aurrekariak

Fagor Arrasatekoa eta Coprecikoa ez dira Fagor Taldean egindako lehen instalazio fotovoltaikoak. Zehatz esanda, 2022an, Fagenezerrek Fagor Automationen Eskoriatzako (Gipuzkoa) lantegian jarri zuen lehen teilatu fotovoltaikoa, 122,85 kWp-koa -energia kontsumoaren %11,5-; eta, 2024an, bigarrena, Fagor Arrasate kooperatibaren Markinakoan (Bizkaia), 223 kWp-koa -energia kontsumoaren %32-.

Karga puntuak

Instalazio fotovoltaikotatik harago, Fagenezerrek auto elektrikoendako karga puntuak ditu jarriak Fagor Taldeko kooperatiba gehienetan. Zehatz esanda, 66 karga puntu daude, eta, 2025ean zehar, 2.200 karga baino gehiago egin dira horietan, 24,56 tona CO2ren isurketa ekidinda -1.116 zuhaitz beharko lirateke urtebetez kopuru bera xurgatzeko-.