Urtero lez, bat egin dugu Fagor Mugiren hornitzaile den Ciclogreenek antolatutako 30 egun bizikletan erronkarekin. Apirilaren 1etik 30era bitartean egingo da, eta, tarte horretan, sariak irabazi ahal izango dira Ciclogreen aplikazioan bizikletan erregistratzen diren kilometroen truke. Gainera, erronkak irauten duen bitartean, aisialdian eginiko kilometroak ere kontuan hartuko dira.
Ohitura bihurtu dugunez, erronkari loturiko sari berezia izango du Fagorrek. Norberak aukeratutako bizikleta dendan erabiltzeko 50 euroko bonua eskuratuko du apirilean lanerako bidean kilometro gehien egin dituen kideak.
Bizikleta zozketa
Ciclogreenek, bere aldetik, zenbait sariren zozketa egingo du erronkak irauten duen hilabetean bizikletaz 100 ziklo baino gehiago pilatzen dituzten erabiltzaileen artean. Aurten, sari berezi bat izango da, gainera: bizikleta bat. Horrez gain, bizikletarako osagaiak eta 25 euroko erosketa bonuak (esaterako, Decathlon, IKEA edo El Corte Inglesen erabiltzeko) zozkatuko dituzte.
Enpresen ranking-a
Espainiako Estatu osoko hainbat enpresek hartzen dute parte erronka honetan, eta Fagorrek pozik egoteko moduko emaitzak lortu izan ditu aurreko urteetan, kilometro kopurua kontuan izanda, bigarren eta hirugarren postuak lortzeraino.
Aurten ere podiumean izateko, kilometroak pilatu beharra dugu. Prest?






