Skip to main content

Gizarte konpromisoa oinarri, Fagor kooperatiba taldeak 3,1 milioi euro bideratu zituen 2025ean ekimen sozialetara. Ohi moduan, Debagoienean (Gipuzkoa) gelditu zen gizarte funtsaren zatirik handiena —Taldeko kooperatibek bertan dituzte egoitza nagusiak—, 1,8 milioi euro, osotara. Horrez gain, barne ekimenak (810.000 euro), nazioarteko elkartasunean ari diren eragileak (314.000 euro) eta Euskal Herri mailako bestelako egitasmoak (144.000 euro) lagundu zituen. Aurreko urteetan lez, legez ezarria dagoen %10 barik, urteko irabazien %12 bideratu zuen gizarte funtsera.

Ekarpenaz mintzo, Fagorrek komunitatearekin eta lurraldeko erronkekin duen konpromisoan jarri du mira Aritz Otxandiano Kanpo Taldeko iraunkortasun arduradunak: “Kooperatiba taldea garen heinean, funtsezkoa da komunitatearekin dugun lotura hertsiari heltzea. Konpromiso horrekin jarraitzen dugu, askotariko ekimenak laguntzen eta horietako zenbaitetan aktiboki parte hartzen, gizarte moduan ditugun erronketan gure alea jartzen. Interkooperaziotik egiten dugu hori guztia, jakinik elkarrekin egindako bideak emaitza emankorragoak dituela epe luzera”.

Ekarpen handiena, Debagoienean

Debagoieneko ekimenetara bideratu zuen Fagorrek zenbateko handiena —ekarpen osoaren %59—. Besteren artean, Debagoiena 2030 iraunkortasun sareari lotutako zenbait ekimen lagundu zituen (785.000 euro), eta ekarpen esanguratsuak egin zizkien hainbat hezkuntza zentrori (785.000 euro). Lehenengoari lotuta, hainbaten artean, komunitate energetikoak —Eskoriatzako Esnargi kooperatibako bazkide laguntzaile bilakatu zen—, Debagoieneko elikadura burujabetza bultzatu gura duen Tokixan eta Arrasateko Arima Zubi gune inguruan mugikortasun iraunkorra bultzatzeko sortutako Plaza Bizi egitasmoa sustatu zituen. Hezkuntzaren alorrean, bestetik, laguntza berriak bideratu zituen Hirekin industria eraldaketa iraunkorrerako berrikuntza eta ekintzailetza zentrora, Arizmendi Ikastolako Torrebaso 2030 proiektura eta Huheziren (Mondragon Unibertsitatea) Kolaborategira. Horietan geratu barik, Taldeko kooperatibek tokian tokiko ekarpenak egin zizkieten Debagoieneko herrietako zenbait elkarteri —251.000 euro, guztira—.

Era berean, barne ekimenekin jarraitu zuen Fagorrek: kooperatibetako euskara planak, lanerako bidean mugikortasun iraunkorra bultzatzeko Fagor Mugi eta kooperatibetako kideak gizarte ekimenetan inplikatzeko Fagor Elkarrekin. Horien artean, euskara planek jaso zuten ekarpen esanguratsuena (753.000 euro). “Urtez urte berretsiriko konpromisoak erreferente bilakatu du Fagor zenbait alorretan. Horrek erakusten du barne mailako dinamikak emankorrak eta eraginkorrak izan daitezkeela kanpora begira. Komunitate zabala du Fagorrek”, azaldu du iraunkortasun arduradunak.

Euskal Herria eta nazioartea

Debagoienaz edo Fagorreko komunitateaz gaindi, bestelako ekarpenak egin zituen Fagorrek 2025ean. Besteak beste, 144.000 euro bideratu zituen Euskal Herri mailako ekimenetara —Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez banatu zituen 120.000 euro—, eta nazioarteko elkartasunari heldu zion, 314.000 euroko ekarpena eginda. Alor horretan, aurreko urteetan moduan, garapen bidean dauden herrialdeetan garapen komunitarioa sustatzen duen Mundukide Fundazioak jaso zuen laguntza handiena —304.000 euro—.