Skip to main content

Fagor Electronica kooperatibako Smart Data Services negozioak 80.000tik gora ibilgailu konektaturi, 1.500 bezerori eta 100.000 ibilbide monitorizatu baino gehiagori eskaintzen die zerbitzua. Bada, 25 urteko ibilbidearekin, garraio profesionalen erreferentziazko hornitzaile bilakatu da dagoeneko. Horrela berretsi du Marcos Sanchez Gonzalez Smart Data Services negozioko zuzendariak Tulankide hedabidean eskainiriko elkarrizketan: “2024an Sateliun erosi genuen, estatuko lehiakideetako bat, eta gaur egun erreferentziazko hornitzailea gara garraio profesionalean. 25 urtetan hazi egin gara, berritu egin dugu eta hobeak gara”.

Orain arteko bidean, fase desberdinak bizi izan ditu Fagor Electronicaren negozioak. Tartean, azken urteotan, urrats esanguratsuak egin ditu nazioartekotze estrategian. 2011n, esaterako, Txilera eta Kolonbiara zabaldu zituen haren produktu eta zerbitzuak, ikusi baitzuen herrialde horiei ekarpen esanguratsua egin ziezaiekeela ibilgailuen eta haien mantenuaren jarraipen xehatuan -ibilgailuetan instalatzeko gailu elektroniko sorta bat, ateak irekitzeko eta ixteko sentsoreak… eskaintzen hasi zen-.

Kolonbiaren kasuan, gainera, harago egin du Fagor Electronicak: garapen teknologikorako zentro bat zabaldu du softwarearen garapenari lotutako formakuntza sakondu eta talentua erakarri nahian. “Helburua da softwarearen garapenean kopuruz parekoak diren lan taldeak izatea Santanderren eta Kolonbian. Garrantzitsua da bide horretan formakuntzarako bitartekoak eskaintzea”, argitu du negozioko zuzendariak. Smart Data Servicesek 55 langile ditu Espainiako Estatuan; eta, 35, Latinoamerikan.

Etorkizunari begira

Etorkizunari begira ere jarria da Fagor Electronica. Bide horretan, 2025-2028 Plan Estrategikoa oinarri, lanean dihardu segurtasunari, produktibitateari eta trazabilitateari balio handiagoa emateko. Era berean, urrats berriak ari da egiten Adimen Artifizialaren alorrean, hark eskainiriko aukerak eta tresnak Smart Data Servicesen soluzioetan erabiliz.