Lanerako espazio segurua eta osasuntsua sortzeko, jazarpen prebentziorako eta esku hartzerako protokolo eredua landu du Fagorrek Taldeko Genero berdintasun planetik. Zehatz esanda, Genero berdintasun batzordeak jardun du haren lanketarekin urte osoan zehar egin diren bileretan, eta garrantzia berezia eman gura izan dio prebentzioaren alorrari. Oro har, lan eremuan estrukturalak diren diskriminazioak prebenitu eta desagerrarazteko lege betekizunei zein Fagorreko gizarte erantzukizunari erantzuten die protokolo ereduak -sexu, genero, sexu orientazio, genero identitate, genero adierazpen eta laneko jazarpenen kudeaketari, konkretuki-.
Prebentzioari buruzko atalean jasotako edukia, kooperatibetako prebentzioko pertsonekin egindako saio espezifiko batean landu eta adostu da. Bestalde, bigarren saio bat egin da kooperatibetan jazarpena kudeatzeko ardura duten eragileekin, gaian aditu diren Sortzen eta Emun aholkularitzekin elkarlanean. Oinarrizko kontzeptuak barneratzea, kooperatiba bakoitzak bere protokoloa eguneratzeko ariketa praktikoa egitea eta lanketaren osteko urratsak identifikatzea izan ziren saioaren helburu nagusiak.
2026an lanketarekin jarraitu eta prebentzioaren arloan sakontzea aurreikusten da; eta jazarpenaren gaia kudeatzeko ardura izango duten pertsonei baliabideak eskaintzea, prozeduren sistematizazioan eta prozesuen bide laguntzan, adibidez.





