Adimen artifizialean espezializatutako Funditec ikerkuntza zentroaren Funditec Intelligence unitateak eta ekipamendu industrialaren diseinu zein fabrikazioan mundu mailan erreferente den Fagor Arrasate kooperatibak akordio estrategikoa sinatu dute Primus Robotics sortzeko —%50eko partaidetza izango du bakoitzak—. Oro har, ingurune zorrotzetan zehaztasun-, segurtasun- eta eskuragarritasun-maila altuekin lan egiteko gai izango diren robot humanoide industrialen diseinuan, garapenean eta fabrikazioan jardungo du join venture berriak, eta haren helburua da Europan jatorria duten industria-AAko robotika soluzioak eskaintzen lehena izatea. Besteren artean, Funditecek adimen artifizial aplikatuan duen esperientzia eta Fagor Arrasatek ingeniaritzan, industria-automatizazioan, robotikan zein fabrikazio aurreratuan dituen gaitasunak uztartuta lortu gura du hori.
Primus P1 izango da Primus Roboticsen lehen produktua, manipulazio-, laguntza-, mantentze- eta produkzio-prozesuetan laguntzeko sortutako robot humanoidea. Adimen artifizialeko (AA) ertz-konputazioko Primus OS sistema eragileari esker, robotak aukera eskainiko du berez gizakientzako diseinatutako inguruneetan automatizazio-maila handitzeko, tartean, roboten, pertsonen eta makineria industrialaren arteko lankidetza erraztuz.
Ekoizpena, Arrasaten
Fase desberdinak aurreikusten dira. Lehenengo, urtean 200 robot ekoiztera heldu gura lukeen hasierako fase bat legoke. Epe ertainera, ostera, egunean 3.000 unitate ekoiztera heltzea da xedea. Fagorreko kooperatibak Arrasaten (Gipuzkoa) duen egoitza nagusian egokituriko 2.500 metro karratuko pabiloi batean hasiko litzateke ekoizpena, eta, aurreikuspenen arabera, 2027 amaierarako egina legoke lehen prototipo funtzionala. Primus P1en ondoren, beste sektore batzuei begirako eta gaitasun gehiagoko bertsio berriak aurkeztuko lirateke.
Juan Etxebarria Gonzalez Fagor Arrasateko negozio-garapeneko zuzendariak apustu teknologikoaren tamainan jarri du mira: “Robot humanoideak gure Arrasateko plantan ekoiztea azken urteotan egin dugun apustu teknologiko ausartena da. Hamarkadak daramatzagu automatizazioa, robotika eta zehaztasun-ingeniaritza integratzen gure bezeroen ekoizpen-lerroak automatizatzeko. Orain urrats bat gehiago ematen dugu: Funditecekin batera, plataforma teknologiko bat sortu dugu, adimen artifiziala, kontrol aurreratua eta zehaztasunezko fabrikazioa uztartzen dituena, langileak lan astun, errepikakor eta arriskutsuetatik urrunduko dituen robotak ekoizteko”.
Bere aldetik, Alejandro Echeverria Rey Funditec Intelligenceko zuzendari nagusiak adierazi du Primus Robotics sortzeak “aurrerapauso estrategikoa” dakarkiola misio kritikoetako sistema autonomoei begirako adimen artifizialaren garapenari. “Akordioa lagungarri da ingurune produktibo errealetarako jauzia azkartzeko eta Europan adimen artifizial fisikoa deritzonaren garapena sendotzeko”, gaineratu du.
Lehen proiektu pilotuak
Azken urteotan, gizakiaren esku-hartzerako diseinatutako prozesuetan robot humanoideen integrazioa ari da bizkortzen industria europarra. Testuinguru horretan, automozio-sektoreko hainbat enpresek jada abiaraziak dituzte lehen proiektu pilotuak Europako zenbait plantetan, baieztatuz robot humanoideek gainditua dutela esperimentazio-fasea eta sistema industrialen kategoria berri bat osatzen dutela dagoeneko.
EAEren posizioa
Testuinguru berrian, Europako ingurune industrial aurreratuenen artean jartzen da EAE, belaunaldi berriko robot humanoideak garatzeko eta ekoizteko aukera estrategiko gisa. Gainera, proiektuak berak ere egin gura izan dio keinu bat lurraldeari: join ventureak eta lehen produktuen izenek Juan Sebastian Elcano eta haren armarriko Primus circumdedisti me (Lehenengoa izan zinen munduari bira ematen) leloa ditu oinarrian.






