Skip to main content

Etekin ekonomia topaketan izan da Fagor Arrasate, adimen artifizialak etorkizun lehiakor baten bidean izango dituen erronken eta aukeren inguruan hausnartzeko antolaturiko solasaldian. Zehatz esanda, Amaia Iñurria Altuna negozioan aplikatutako adimen artifizialeko arduradunak izan du Fagor Arrasateren irakurketa mahai gaineratzeko   ardura, eta, besteak beste, industriaren alorreko aplikazioetan jarri du mira. Harekin batera izan dira Alex Etxeberria Aranburu Adi Atlantic Data Infrastructureko zuzendaria eta Elixabete Garcia Caballero Aranburu Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa digitaleko zuzendaria. Oro har, ekonomia eta finantza gaien hausnarketa sustatzeko eta sare profesionala indartzea bilatzen du Etekin topaketak.

Askotarikoak izan dira solasaldiko hausnargaiak. Besteak beste, hizlariek aho batez azaldu dute adimen artifiziala ez dela etorkizuneko tresna, gaur-gaurkoz sektore guztietan lan egiteko, ekoizteko eta erabakitzeko modua aldatzen ari den errealitatea baizik. Bide horretan, adimen artifizialak industria munduan duen lekuaz egin du berba Fagor Arrasateko bazkideak: “Adimen artifiziala aspaldi dago garatuta, aspaldi sartu zen industriako prozesu konkretuetan, mantentze lanetan eta kalitatearen bermean. Gure kasuan, adibidez, erronka berriei aurre egin behar diegunean, hasieratik saiatzen gara adimen artifiziala integratzen”.

Adimen artifiziala euskal industrian

Era berean, Iñurriaren esanetan, Euskal industria prest dago adimen artifizialerako jauzia egiteko. “Kulturalki aldaketa handia izango da, lan egiteko modu berri bat baita. Helburua izango da teknologia berri hau martxan jartzea, sektore bakoitzari ondo datorkiona analizatzea eta hortik ikasten eta hobetzen joatea. Horrela bilakatuko da apurka-apurka eguneroko prozesuen parte”, gaineratu du.