Sei hamarkada baino gehiagoko ibilbidea soinean, Fagor Taldeko Coprecik haren identitate korporatiboa berritu du. Gas, indukzio eta motorrentzako soluzioetan espezializaturik dagoen kooperatibak irudi berri batekin heldu gura dio etorkizunari, berrikuntzarekin eta eraldaketa konstantearekin duen konpromisoa berretsiz. “Eguneraketak logo modernoago eta dinamikoago bat dakar, kooperatibak sortzetik dituen indarra eta ilusioa mantenduz”, azaldu dute kooperatibatik.
Era berean, webgune berritua aurkeztu du Coprecik, intuitiboa eta erabiltzailearen arabera diseinaturikoa. Eta katalogo eta bideo korporatibo berriak ere landu ditu, oinarrizko balioak galdu barik, bilakaeran murgildurik den enpresa bat dela ikusarazteko. Ostera, Egunerokoa ezohiko bihurtzen dugu da fase berrirako aukeratu duen lema. Horrekin, behinik behin ikusezinak badirudite ere, egunerokoarendako eta mundu mailako aurrerapenarendako funtsezko diren soluzioak garatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi gura izan du.
Dena den, eraldaketa ez da soilik estetikoa. Fagor Taldeko kooperatiba aitzindari izan zen nazioartekotzean Mondragon Korporazioaren barruan, eta, gaur, mundu osoan diharduen enpresa da -Mexikon, AEBetan, Txinan, Turkian, Egipton, Txekiar Errepublikan, Italian eta Espainiako Estatuan ditu egoitzak-. “Nazioarteko sareak ahalbidetzen du bezeroen alboan egotea, tokian tokiko merkatuetara egokitzea eta kontinente guztietan soluzio efizienteak eskaintzea”, azaldu dute kooperatibatik.
Coprecik honako bideo hau landu du haren irudi eguneratua aurkezteko: