Skip to main content

Santxolopeztegi auzoko bidegorri sarea hobetzeko 10.000 euroko ekarpen ekonomikoa egin dio Fagor Industrialek Oñatiko Udalari. Hain zuzen ere, lantegira bizikletaz, patinetez… joan gura duenarendako bide zati berria egitea ekarri du mugikortasun egitasmoak, besteren artean, langileak lanera seguruago joatea ahalbidetuz. Guztira, 150.000 euroko kostua izan dute lanok, eta, Fagor Industrialez aparte, Ulma eta Lana kooperatibek ere egin dute euren ekarpen ekonomikoa -10.000 euro, bakoitzak-. Eusko Jaurlaritzaren 47.500 euroko diru-laguntza ere jaso du Oñatiko Udalak.

Oro har, egokiturikoa ez da oso tarte luzea -100 metro inguru ditu-, baina badu eragina bidegorri sarearen erabiltzaileen segurtasunean: orain arte, bidegorritik irtenda, Zubillagako biribilgunean errepidea igaro beharra izaten zuten industriagunera zihoazenek. Hori saihestuko da bukatu berri diren lanekin. “Biribilgunea arriskutsua zen, eta, proiektuaren berri izatean, interesa agertu zuen kooperatibak”, azaldu du Jone Urzelai Fagor Industrialeko lehendakariak. Horretan geratu barik, eginiko lanok bitarteko dira mugikortasun iraunkorraren sustapenerako.

Bere aldetik, erakundeen eta kooperatiben arteko lankidetza azpimarratu du Izaro Elorza Oñatiko alkateak: “Halako proiektu baten elkarlanean aritzea beti da positiboa, eta horrek erraztu egin du proiektua aurrera eramatea”. Esan gabe doa industriaguneko langileei ez ezik, bestelakoei ere egiten diela ekarpenik egitasmoak.