Skip to main content

Abian da Argitzen energia trantsizioaren norabidea adosteko prozesuko Herritarren Batzarra. Zehatz esanda, Debagoieneko 50 herritarrek osatzen dute. Taldeko kide izateko  baiezkoa adierazi dutenen artean izan dira aukeratuak, herri, genero, adin eta jatorri aniztasuna erdigunean jarrita. Bost saio egingo dituzte orotara -bi egin dituzte dagoeneko-, eta, horietan, adituen informazioa jaso eta gaiaren inguruan hausnartuko dute, gomendio sorta bat lantzeko.

Hain zuzen ere, honako hau da Debagoieneko 50 herritarrez osaturiko Herritarren Batzarrak erantzun beharreko galdera nagusia: “Zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako?”. Bide horretan, energia trantsizioaren inguruko ezagutzan sakontzeko saioekin ari dira asteotan.

Besteak beste, proposaturiko arazoaren testuingurua, mundu mailako egoera eta energiaren erronka ari dira ezagutzen. Jasotako informazioarekin eta egindako hausnarketekin, sektore publiko, pribatu eta komunitarioko 18 eragilek osatutako Mandatu Organoak erantzun beharreko gomendio sorta landuko dute. Mandatu Organoko kide da Fagor.

Informazio gehiago: argitzen.eus.