Aritz Kanpandegi Berrotaran

Industria diseinuan ingeniaria. 2013tik, Mondragon Unibertsitateko LANKI ikertegiko irakasle eta ikertzailea.

Blogera itzuli
Gizarte eraldaketa

Doktorego tesi baten markoan, azken urte hauetan FAGOR Taldeko gizarte eraldaketa printzipioa aztertzen aritu gara Mondragon Unibertsitateko LANKI ikertegian. Azterketa hau, bi norabide nagusitan garatu da. Alde batetik, aztertu da gizarte eraldaketa nola ulertzen den FAGOR Taldean eta zein zentzu hartzen duen printzipio honek gaur egun. Bestetik, ikertu da nola egikaritu izan den printzipio hau bere bilakaera historikoan zehar, oinarri moduan hartuz IPDK funtsaren erabileraren eboluazioa.

Ikerketan ondorioztatu den moduan, FAGOR Taldean ulertzen da gizarte eraldaketa kooperatiben propositoa dela, elkarrizketatu baten hitzak erabiliz, “gure izateko arrozoi printzipala”. Gizarte eraldaketak zentzua ematen dio kooperatibismoari, ulertzen delako kooperatibak ezin direla konformatu negozioa garatu, aberastasuna sortu eta lan-bazkideen artean banatzearekin. Horrela, irudikatzen da gizarte eraldaketa printzipioa FAGOR Taldean garatu den enpresa kooperatibo ereduaren oinarrian dagoela, nabarmenduz “kooperatiba izate hutsa jada eraldatzailea dela”, kooperatibek aberastasuna sortu eta lurraldean desberdintasun soziala gutxitzen dutelako. Era berean, elkarrizketatuek nabarmentzen dute gizarte eraldaketa IPDK funtsean egikaritzen dela neurri handi batean, baina funts horren kudeaketa baino askoz gehiago dela gizarte eraldaketa; hau da, garrantzitsua dela IPDK modu eraldatzailean erabiltzea eskualdean inpaktu sozial esanguratsua lortzeko, baina gizarte eraldaketa printzipioa ez dela agortzen funts honen erabileran.

Printzipio honen garapen historikoari dagokionez, FAGOR Taldearen IPDK funtsaren azterketa historikoa egin da. Horrela, nabarmendu daiteke, datu orokor gisa, bere sorreratik 2022 urtera arte, FAGOR Taldeak guztira 69 milioi euro bideratu dituela bere IPDK funtsaren bidez; 2022ko balioetara ekarriz, ia 140 milioi euro. Zehazki, ondorengo zortzi kategoria edo esparrutan multzokatu daiteke funts honen erabilera: hezkuntza, euskararen normalizazioa, interkooperazioa eta Mondragoneko FEPIak, ekimen komunitarioa, barne formakuntza, garapeneko lankidetza, iraunkortasuna  eta osasungintza.

Denboran zehar, FAGOR Taldeak sektore bakoitzaren sustapenera bideraturiko portzentaiak aldatuz joan dira. 70eko hamarkadan hezkuntzara IPDK funtsaren %83 bideratu bazen, 2010eko hamarkadan portzentajea %26ra jaitsi zen. Ostera, azken hamarkadetan euskarak presentzi handia hartzen du FEPIekin batera, eta goranzko joerarekin agertzen dira iraunkortasuna eta garapeneko lankidetza. Ekimen komunitariora bideraturiko partida 70eko hamarkadatik ageri da eta oro har, nahiko maila konstantean mantentzen da, %10aren bueltan. Hortaz, ikus daiteke, IPDK funtsak nolabaiteko dibertsifikaziora jo duela, hasierako urteetako hezkuntzaren hegemoniatik, euskara, iraunkortasuna eta garapeneko lankidetza bezalako sektoreetara zabalduz.

Irudia: FAGOR Taldearen IPDK funtsaren erabileraren garapena (Kanpandegi, 2026).               

Lerroburu nagusitan, nabarmendu daiteke FAGOR Taldeak hainbat hezkuntza egitura babestu dituela bere IPDK funtsaren bidez, Eskola Politeknikoa eta Mondragon Unibertsitatea, Gizabidea Fundazioa eta ikastolak izan direlarik hezkuntzara bideraturiko fondoen hartzaile nagusiak. Eskola Politeknikoaren lehen hamarkadetan, hiru helburu nagusitara bideratu zen FAGOR Taldearen IPDK funtsa: ohiko gastuen sostengura, inbertsio eta instalazio berrien finantzaziora eta hezkuntza kanonaren bidez, Eskolako irakasleen lan baldintzak inguruko kooperatibetako bazkideen lan-baldintzekin parekatzera.

Era berean, FAGOR Taldetik babestuko dira Debagoieneko hezkuntza sistema kooperatiboaren garapenenean estrategiko izan diren bi egitura: Hezibide eta Gizabidea. Hezibidek rol estrategikoa jokatuko du Debagoieneko hezkuntza sistemaren garapenean. Ekarpen oso esanguratsua egingo du, besteren artean, ikastetxeen eraldaketa sozietarioa eta hezkuntza kooperatiba integralak sustatuz; Debagoiena eskualdeko hezkuntza sistema kooperatiboaren koordinazio eta planifikazioa burutuz; eta hezkuntza sistema euskalduntzeko plan integrala garatuz. Irizpide orokor gisa, Hezibideren jardunaren %50 finantzatuko da FAGOR Taldearen IPDK funtsaren bidez.

Gero, Gizabidea izango da Arizmendiarrietak sustatuko duen azken egitura, eta Gizabidea Fundazioko bazkide sortzaile izango dira FAGOR taldeko kooperatibak, ekarpen ekonomiko fundazional nagusiena euren gain hartuz. Gizabidearen funtzio nagusiak izango dira: hezkuntza zentroen ondare higiezina zaintzea; eta hauen finantzazio beharrak asetzea, finantzazio publikoaren nahikotasun eza aurreikusiz. Horrela, 1980ko hamarkadatik aurrera, FAGOR Taldeko IPDKak Gizabidearen baitan funts fundazionala sortzera bideratuko dira, ideia izanik funts horren interesekin finantzatzea eskualdeko hezkuntza sistemaren beharrak, ahal zen neurrian, finantzazioa kooperatiben urteroko emaitzei deslotuz. Adibide moduan, 1997. urtean, Gizabidearen sarreren ia %40 bide honetatik lortuko dira.

Euskararen normalizazioa izango da FAGOR Taldearen IPDK funtsaren beste zutabe esanguratsu bat; 90eko hamarkadatik aurrera, IPDKak modu sistematikoan bideratuko dira helburu horretara. 2000 eta 2010eko hamarkadetan, IPDK funtsaren ia %30 bideratu zen helburu horretara eta, horrela, azken hamarkada horretan berdindu egin ziren hezkuntzara eta euskarara bideratutako IPDK funtsaren portzentajeak. Oro har, ikus daiteke emaitza oso esanguratsuak eman dituen estrategia izan dela, gaur egun, neurri handi batean, FAGOR Taldeko kooperatibetan normalizatua dagoelako euskara izatea lan hizkuntza nagusia.

Azken bi hamarkadei dagokionez, bi sektore “berri” nabarmendu daitezke. Garapeneko lankidetzan, nagusiki Mundukideren bidez, egingo da ekarpena. Esanguratsua da erabaki hori hartzen denean erabiltzen den argudioa, kooperatibak eta kooperatibistak apelatuz txirotutako herrialdeetan ematen ari diren zapalkuntzen aurrean. Era berean, iraunkortasunean eragiteko bokazioa argia da azken urte hauetan. Nagusiki, Debagoiena 2030 lankidetza sarearen bidez eragin da eskualdeko garapen iraunkorraren norabidean.

Horrela, IPDK funtsaren azterketa genealogikoa osatu ostean, ikus daiteke Debagoieneko hezkuntza eragileen eta FAGOR Taldeko kooperatiben artean lankidetza harreman estua garatu izan dela FAGOR Taldearen sorreratik gaur eguneraino; euskararen normalizazioan erreferentziala izan den estrategia garatu dela FAGOR Taldeko kooperatibetan; eta azken urte hauetan, iraunkortasunaren bidea jorratzeko konpromisoa irmoa dela.

Idatzi iruzkina