Skip to main content

Debagoieneko energia trantsizioaren norabidea eta egin beharreko urratsak adosteko prozesua aurkeztu da, Argitzen izenekoa. Eskualdeko eragile publiko, pribatu, komunitario eta herritarrak barnebiltzen ditu, eta xedea da guztien artean Debagoiena mailan energia eredua aldatzeko dauden aukerak aztertzea eta aurrera begirako bide-orria guztien artean adostea. “Etorkizuna baldintzatuko duten erabaki estrategikoak eskualde mailan hartzeko beharra dago, eta garrantzitsua da herritar eta eragileek energia trantsizioaren baitan beren ardurak hartzea, prozesuan zehar ahaldunduta. Horregatik da beharrezkoa askotariko eragile eta pertsonen inplikazioa hausnarketa partekatu hori egiteko”, azaldu dute Argitzen prozesuaren bultzatzaileek.

Bi organo nagusi izango ditu prozesuak: Herritarren Batzarra eta Mandatu Organoa -kide da Fagor-. Lehena, zozketa bidez aukeraturiko Debagoieneko 50 herritarrek osatuko dute -udazkenean jasoko dute jakinarazpena-. Behinik behin, ezagutza eta proposamenak lantzeko laguntza jasoko lukete bost saiotan, eta gomendio-sorta bat landu behar lukete, Mandatu Organoaren esku uzteko, hark erantzun bat eman dezan. Izan ere, organo hori da gogoeta partekaturako deliberazio prozesuaren sustatzaile eta erabakigune nagusia. Askotariko hemezortzi eragilek osatzen dute Mandatu organua: Debagoieneko Udalak, Deba Garaiko Landa Garapen Elkartea, Debagoieneko energia komunitateak, Goiener, Enpresare, Fagor eta Tantai. Organo horiez gain, Mahai sektorialak egongo dira, energia trantsizioaren bueltako urratsekin lotura duten eragileez osaturikoa, eta eskualdeko eragileak gaian ahalduntzea eta aktibatzea izango dute helburu nagusi, besteren artean, gogoeta partekatua bultzatzeko -emaitzak, prozesuan txertatuko dira-.

Aurretiko fasea

2023an, energia trantsizioaren inguruan adostasunak lantzeko eskualde mailako prozesu bat abiatzeko proposamena egin zuen Debagoiena 2030 iraunkortasun sareak. 2024ko apirilera bitarte, aurretiko fase bat garatu da prozesuaren oinarriak zehazteko, eta hortik eratu da Argitzen prozesuaren ardura hartu duen Mandatu Organoa, lankidetza publiko-komunitarioan oinarritzen dena eta Debagoieneko lau alderdi politiko nagusien babesa eta parte-hartzea dituena.

“Debagoiena energia kontsumo handiko eskualdea da, besteak beste, ehun industrialak eskualdean duen garrantziarengatik eta bizi ereduarengatik. Garapen eredu iraunkor baterako bidea bultzatu beharko da, eta horrek energia kontsumoa gutxitzea eta energia berriztagarrien garapena eskatzen ditu, horiek dituzten ondorioekin. Definitu beharko da zein mailatan garatu behar liratekeen  kontsumo energetikoaren murrizketa eta eskualdean energia berriztagarriak, alegia, eskualdeak izango duen dependentzia energetiko maila”, azaldu dute prozesuaren bultzatzaileek.