Aretxabaletako (Gipuzkoa) Ibarra kiroldegira bideratuko da Fagor Ederlan kooperatibaren galdaketa-prozesuan sortzen den soberakin termikoa. District Heating sistemaren bidez egingo da hori. Oro har, 1,7 miloi euroko aurrekontua du proiektuak, eta hiru entitateren artean egingo zaio aurre inbertsioari: Fagor (912.000 euro), Gipuzkoako Foru Aldundia (700.000 euro) eta Aretxabaletako Udala (85.000 euro). Horri loturiko hitzarmena sinatu berri dute Fagor Ederlan kooperatibaren egoitza nagusian. Fagor Taldeko idazkaria nagusi Amaia Agirre Aramburu, Fagor Ederlanen zuzendari nagusi Jon Koldo Zuazo Urionaguena, Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensio Bazterra eta Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbe Etxebarria izan dira hitzarmen sinatze ekitaldian.
Besteak beste, energia aurreztea eta CO2 emisioak murriztea ahalbidetuko du ekinbideak. Beraz, Fagorreko idazkari nagusiak azaldu duenez, “bete-betean” dator bat kooperatiba taldeak karbono aztarna murrizteko hartua duen konpromisoarekin: “Fagorrek haren ekarpena egin gura du Debagoienak iraunkortasunerantz egin behar duen bidean, eta, zentzu horretan, aldaketa klimatikoa eragiten duten berotegi efektuko gasak murriztea da erronka nagusienetako bat. Proiektu honen bitartez, Fagor Ederlanek Aretxabaletan dituen labeek sortzen duten bero soberakina aprobetxatuko da kiroldegiko berokuntza beharren zati esanguratsu bat estaltzeko. Proiektu honek aurrezpen ekonomikoak ekarriko dizkio Aretxabaletako herriari”.
Bide beretik, Fagor Ederlaneko zuzendari nagusiak azaldu du Aretxabaletako udal kiroldegian gas naturalaren kontsumoa “nabarmen” murriztea ahalbidetuko duela proiektuak; eta gaineratu du indartu egiten duela kooperatibak eraldaketa sozialarekin duen konpromisoa: “Udal igerilekua girotzen eta ur beroa hornitzen laguntzean, onura zuzena eskaintzen diegu Aretxabaletako bizilagunei, komunitatearekin lankidetzan aritzeko dugun bokazioa sendotuz”. Era berean, balioan jarri du proiektuaren bueltan sortu den lankidetza publiko-komunitarioa.
Ostera, Jasangarritasuneko diputatuaren hitzetan, hitzarmen berriak erakusten du trantsizio energetikoa aukera bat dela erakunde publikoen eta enpresa konprometituen arteko lankidetza bultzatzeko. “Gaur egun galtzen den beroa udal-zerbitzuak energiaz hornitzeko aprobetxatzea, emisioak murrizteaz gain, ekonomia zirkularra tokikotik eta industriatik ere eraikitzen dela frogatzea da”, azaldu du.
Bestetik, eragile desberdinen arteko lankidetzak sortzen dituen aukerez egin du berba Aretxabaletako alkateak. “Proiektu berriak abiarazteko aukerak sortzen dira, bestelako egitasmoak, beste era batera landuak. Horren adibide da proiektu berria. Kasu honetan, herriko instalazio bat energiaz hornitzeko erabiliko da alferrik galtzen den beroa. Aldebiko harremana dago”, azaldu du.