Skip to main content

Debagoienean energiaren alorrean gertatzen ari denaren inguruan hausnar egiteko eta orain artean gaiari loturik Tecnaliak landutako Debagoieneko Aukera Energetikoak ikerketaren lehen emaitzak aurkezteko saioa egin zen aurreko astean Arrasateko (Gipuzkoa) Garaia Parke Teknologikoan. Hartan, hiri-eremuko energiaren inguruko gogoetak izan ziren jorragai nagusi, hura izan baitu oinarri Tecnaliaren ikerketak. Hain zuzen ere,  Debagoiena 2030 iraunkortasun sareak abiaraziriko Eraginez Piztu estrategiaren barruan da ekinbidea. “Etorkizuneko erronka energetikoei behar moduko erantzuna emateko, beharrezkoa da testuingurua ondo ezagutzea, energia beharrak, balizko aukerak… aztertzeko. Garaia Parte Teknologian eginiko saioan, lehen mugarriak ezagutu dira”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Besteren artean, trantsizio energetikorantz urratsak egiten segi beharra berretsi dute datuek.  Zehatz esanda, haren arabera, eskualde osoko energia kontsumoaren –garraioa eta industria izan ezik–  %10 da argindarra; eta Debagoienean berriztagarrietatik sortzen den elektrizitatea, aipaturiko %10 horren %14 baino ez da. Gainerakoa, kanpotik dator eta fosila da. “Datu esanguratsua da hori. Argi islatzen da erronkaren nolakotasuna. Egoerak oso zaurgarri egiten du Debagoiena. Zaurgarritasun hori murrizteko, energia sorkuntzarako sistema berriztagarrietan sakondu beharra dago, eskualdeak sorkuntzarako dituen aukera berriak aztertuz”, aitortu du Otxandianok.

Tecnaliak egindako azterketa bigarren fase baten sartuko da orain eta bertan ikusiko da berriztagarrietan zein ahalmen eta aukera energetiko dauden Debagoienean, beti ere, hiri-eremuan eta eraikinetan oinarrituta. “Horretarako eraikinen teilatuen azalera neurtu da, bataz besteko eguzki erradiazioa, potentzial fotovoltaikoa eta sorkuntza potentziala. Landa eremuan egon daitezkeen aukerak ere aztertuko dira, hor azalera handia dagoelako”, azaldu du Eduardo Miera Zabalza Energia Efizientziaren alorreko Tecnaliako proiektu arduradunak.