Fagorrek bat egin du euskararen alde antolaturiko Korrikaren 24. edizioarekin. Beste urte batez, Euskal Herri osoa zeharkatu du hizkuntzaren aldeko mezua zeraman lekukoak, Atharratzetik (Zuberoa) Bilborako (Bizkaia) bidean, martxoaren 19tik 29ra bitartean, 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko hartze eginda. Fagorrek bi kilometro izan ditu kooperatiba talde moduan: Argantzonen (Trebiñu) eta Arrasaten (Gipuzkoa). Horietan lehena izan da berrikuntza, lekuagatik eta lekukoa eroan dutenengatik -Taldeko kooperatibetako zuzendari nagusiek eroan dute-.
Gainera, euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoa berretsita, Fagorreko kooperatibak Korrikako ibilbideko zenbait kilometrotan izan dira presente: Arrasaten, Eskoriatzan, Aretxabaletan, Oñatin, Usurbilen, Markinan, Zamudion, Altsasun eta Argantzonenen. “Euskararen aldeko ekimenean harturiko kilometroak modu bat dira inguruko herriekin eta bazkideekin lotura indartzeko, baita Korrikaren mezua lantokietara zabaltzeko ere”, azaldu dute Fagorreko kideek.
Amaierako mezua
Ohi moduan, egunotan Euskal Herrian zehar ibili den lekukoak barruan zeroan mezua irakurri da Korrikaren amaierako ekitaldian -hainbat gaztek idatzita zen-. Oro har, aurrera begirako bidean jarri dute mira aurtengo edizioko mezuaren egileek. “Euskara gara eta hemen gaude. Hemen gara eta euskaraz gaude. Aurrera goaz, bazatoz?”, esanez bukatu dute mezua.
Argazkiak
Fagor Taldea


Fagor Ederlan



Fagor Electrónica

Copreci


Onnera Group







