Skip to main content

Azken urteetako bilakaerak erronka berriak ezarri dizkio lan munduari, aldatu beharreko zenbait gai utzi ditu mahai gainean eta egokitzeko beharra iragarri du hainbat alorretan. Gaur-gaurkoz, besteren artean, landu beharrekoen artean da kontziliazioaren gaia. Eta Fagor Taldea ez dabil entzungor: kontziliazio erantzunkidearen aldeko erronkari heldurik dihardu. Baina, zertan datza kontzeptua?

Hainbaten artean, lana eta bizitza pertsonala egoki uztartzeko lagungarri izango liratekeen irizpideak zehaztuko lituzke aipaturikoak. Eta harago joango litzateke. Halaxe adierazi du Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak: “Ulertzen dugu kontziliazioak ezinbestean joan behar duela erantzunkidetasunari loturik, bi dimentsiotan. Batetik, genero guztietako pertsonek izan ditzagun aukera eta erantzukizun berak ordaindutako zein ordaindu gabeko lanetan. Bestetik, elkarren arteko zein kooperatibarekiko ardura gailen dadin lan produktiboaren eremuan eta kooperatibetako bazkideen arteko harremanean”.

Urteen joan-etorriarekin gora egin du emakumeen presentziak lan munduan. Esaterako, XX. mendeko azken hamarkadetan, emakumezkoak era masiboan sartu ziren bertan, eta ordura arte horren argi azalarazi bariko beharrak agertu ziren familia bizitzaren eta lantokikoaren kontziliazioan. Gaur, errealitatea zein den kontuan hartuta, joerak aztertu eta egingo diren urratsak marraztea dagokio Fagor Taldeari. “Genero berdintasunaren markoan kokatuta, kontziliazio erantzunkidearen ikuspegia erdigunean izanik eta kooperatibek erregimen propioa dutenaz jakitun jorratu beharko litzateke gaia”, argitu du Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak.

Kontziliazio politikak, hobekuntzarako bitarteko

Askotarikoak dira kontziliazioaren gaiak mahai gainean jarriak dituen erronkak eta horietan guztietan eragina duten alorrak. Lege errekerimenduetatik harago, hura parte den komunitatearen, eta, oro har, gizartearen, erronkari konpromisotik heltzea dagokio Fagor Taldeari, jakinik, kontziliazio erantzunkidearena kultura kooperatiboaren paradigma aldaketa eskatzen duen gaia dela.

Bada, kooperatibek protagonista eta eragile izan beharko lukete aldaketa horretan, kontziliazio politiken eredu ezberdinak sortzeko zereginean aktiboki jardunez eta bazkideen aniztasunera egokituz. Finean, bide horretan eragiteko erregimen propioa garatu behar luke Taldeak.