Skip to main content

Iraunkortasunaren bidean aurrera egiten ari dira Fagor Taldeko kooperatibak. Horien artean dago Fagor Ederlan. Automobilgintzaren sektorea iraunkortasunean erreferentziazko sektorea izaki, konpromiso, helburu eta eskakizun zorrotzak bete beharrean da, gainera. Hor daude energia berdea, material birziklatuen erabilera eta karbonoaren neutraltasuna. Horretaz eta bestelakoez hitz egin du Fagor Ederlaneko Prebentzio, Ingurumen eta Zerbitzu Orokorretako zuzendari Isabel Etxaniz Zubiak.

Zer-nolako garrantzia dauka iraunkortasunak Fagor Ederlanen? Zergatik?

Iraunkortasuna beti izan da garrantzia handikoa Fagor Ederlanen. Gure nortasun kooperatiboak garamatza horretara. Izan ere, gure ustez, garapen iraunkorrarekiko konpromisoa da kooperatiba eta enpresa gisa hazten jarraitzeko motorra. Gainera, ezin dugu ahaztu gure sektorea, automobilgintzarena, aitzindaria dela ingurumen kudeaketaren arloko helburuak eta estrategiak definitzeko orduan, ingurumen arloko araudi eta politika makroei erantzuteko, mundu osoan. Horrek egiturazko aldaketak ekarri ditu sektorean, eta hornidura katearekiko eskakizunak nabarmen handitu dira. Guretzat, iraunkortasuna ez da alternatiba edo moda bat, gure estrategian eta kudeaketan lehentasuna baizik.

Eraginik izango al dute Europan Fagor Ederlanen CO2 isurketak murrizteko hartzen ari diren neurriek?

Zalantzarik gabe, halaxe izango da. Neurri horiek munduko industria guztietan dute eragina. Nazio Batuen 2030 Agendak garapen iraunkorrerako esparrua ezartzen du, pobrezia desagerrarazteko, planeta zaintzeko eta mundu osoko pertsonen ongizatea bermatzeko konpromisoekin. Europar Batasunak neutraltasuna lortzeko apustua egin du 2050. urterako. Horrek esan nahi du ekonomiak berotegi efektuko 0 gasen igorpen garbia egin beharko duela, 2030erako %55eko helburua ezarrita. Helburu horiek, besteak beste, Itun Berdean eta Parisko Hitzarmenean jasotakoak dira. Akordio horiek markatzen dute ingurumenaren kudeaketari dagokion politika, gure bezeroena eta geurea. Bide beretik, automobilgintzaren sektoreko industria eta hornitzaile gisa jarraitu beharreko ibilbide orria zehaztuko dituzte horiek.

Azal iezaguzu hori.

Enpresan eta industrian, karbonoaren neutraltasun neurriak errespetatu behar ditugu, baita ezarritako mugak ere. Neutraltasun hori teknologia eraginkorragoen bidez lortuko da –ekonomia zirkularrarekin lotutako proiektuak eta baliabide naturalen kontsumoa murrizteko berariazko neurriak–. Fagor Ederlanen ustez, horrek, baliabide, gaitasun eta inbertsio berriak eskatzen ditu, gure sektoreak eta esparru orokorrak markatutako abiaduran egin beharrekoak –oso abiadura bizian, hain zuzen–. Produktuaren eta negozioaren ikuspegitik, osagaietan espezialista garen aldetik, aspalditik ari gara lanean ibilgailuen CO2 isuriak murrizteko. Gure produktuek, teknologiek eta prozesuek bilakaera izan dute, merkatuari inpaktu txikiagoko prozesuak eta pisu gutxiagoko produktuak eskaintzeko. Horretarako, material arinak, produktuaren diseinu optimizatua eta teknologia berriak erabili ditugu. Prozesu industrialak optimizatzeko eta osagaiak arintzeko ildoaz gain, Powertraineko osagaietara bideratua dugun negozioa eraldatzeko lanean dihardugu. Powertrain, barne errekuntzakoa izan da tradizioz. Orain, baina, hibridorako eta elektrikorako jauzia ematen hasi da. Horrek esan gura du eskakizun berriak dituzten beste produktu batzuk behar direla, eta beharrezko teknologiak landu behar direla Powertrain sistema berri horien beharrei erantzuteko.

Nolakoak izango dira automobilgintzaren sektorea, eta, bereziki, Fagor Ederlanen negozioa, 2030ean?

Automobilgintzaren sektorea eraldaketa integral betean dago murgilduta. Hainbat joerek zehaztuko dute zelakoa izango den sektorea 2030ean. Ibilgailuei dagokienez, elektrifikazioa izango da joera nagusietako bat. Esan beharra dago ibilgailu elektrikoaren hazkundea bizkortzen ari dela mundu osoan. Azken urteotan, ibilgailu elektrikoen salmenta %5etik beherakoa izan da, eta barne errekuntzako motorizatuak izan dira nagusi. Hala ere, aurreikuspenen arabera, 2025. urtean, ibilgailu elektrikoak %17 izango dira; hibridoak, %53; eta, errekuntza motorrekoak, %30. Beraz, batez ere, elektrikoa eta hibridoa izango da merkatua. Gainera, mugikortasun eredu berriak zehaztuko dituzten beste zenbait joera daude, kontuan hartu beharrekoak, beti ere. Horien artean dira konektibitatea eta modu autonomoan gidatzea. Sektorearen balio kateari dagokionez, ostera, deskarbonizazioak, neutraltasunak, igorpenen murrizketak, energia berdearen erabilerak eta material birziklatuek definituko dituzte etorkizuneko fabrikak. Eta ezin ditzakegu ahaztu gure industrian dagoeneko egon badauden beste zenbait eskakizun: 0 akats, 0 istripu…

Egunerokoan sakonduz, zer ari da egiten Fagor Ederlan iraunkortasunaren arloan?

Egin dugun bidea ez da laburra. Asko dira iraunkortasunaren arloan martxan ditugun proiektuak: CO2-a murrizteko eta elektrifikatzeko gure produktuak arintzearekin lotutakoak, gure instalazioen ingurumen kudeaketaren bueltakoak… Tartean daude, lehentasun gisa, baliabide naturalen erabileraren deskarbonizazioa eta optimizazioa, igorpenen murrizketa, ekonomia zirkularreko proiektuak eta energia berriztagarrien erabilera. Hala ere, ez gara horretara mugatzen, ingurumen kudeaketaz harago baitoa iraunkortasuna. Horregatik, dagoeneko abian ditugu pertsonak eta ingurunea ardatz dituzten ekimenak. Berdintasun Plana, pertsonen garapena eta komunitatearen garapena dira arlo horretako proiektu nagusiak.

Zer ekarpen egiten dio iraunkortasunak Fagor Ederlani?

Negozio eta kooperatiba gisa eboluzionatzen laguntzen digu iraunkortasunak, modu orekatuan eta gure negozioaren ezaugarri nagusien ikuspegi osoarekin: industria estrategia, produktua, teknologia, pertsonak, printzipioak, konpromisoak eta balioak.

Beraz, zure ustez, kooperatibek, beren izaeragatik, konpromiso berezia izan beharko lukete iraunkortasunarekin? Zergatik?

Inolako zalantzarik gabe. Esango nuke, kooperatiba gisa, iraunkortasuna gure DNAren parte dela. Ezin dugu ahaztu kooperatibismoa gizartea eraldatzeko proiektu gisa sortu zela. Azken batean, enpresa ulertzeko beste modu bat da, pertsona independenteagoak izatea sustatuz, eta ongizate ekonomiko, kultural eta sozialerako bere burua antolatzen duen komunitatea bultzatuz. Fagor Ederlanen ez dugu gauzak egiteko beste modurik ulertzen.

Isabel Etxaniz Zubia, Fagor Ederlaneko Prebentzio, Ingurumen eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria, kooperatibako sarreran.