Skip to main content

Ingeniaritza dualaren bueltan dabilen IMH (EHUri dago loturik) unibertsitate eskolak eskainiriko Digital Manufacturing masterrean izan dira Fagor Automationeko hainbat aditu bigarren urtez jarraian, ikasleei teknologia alorreko ezagutza helaraziz. Bada, hezkuntza zentroak zonaldeko industria sektoreko enpresekin eta entitateekin eraikia duen elkarlan estuaren adierazle da masterra -hor daude makina-erreminten, aeronautikaren eta automobilgintzaren alorreko enpresak, kasurako-.

Zehatz esanda, Prozesu industrialen automatizazioa ikasgaiko zenbait klasetan jardun dute Fagor Automationeko kideek. Zeregin horretan, funtsezko izan zaie automatizazioko produktuen garapenean eta ekoizpenean zein makinen kontrolean -makina-erreminten sektorearendako zenbakizko kontroletan eta zehaztasun handiko neurketa sistemetan, esaterako- duten esperientzia zabala.

Bada, CNC, hartze sistemen alorrean eta motorraren sektorean adituak eta arituak direnak izan dira aipaturiko masterrean esku hartu dutenak. Eta, besteren artean, atzemaileak (encoders linealak eta errotatibak), gauzatzaileak (ardazdun motorrak eta buruak), CNCaren baitako PLCa, makina-datuen eskuratzea edota analisia, kalitatea eta prozesuak hobetzera bideraturiko egokitze erremintak, makinen konektibitatea… izan dituzte berbagai, beti ere, CNC automatizazioko sistema global batek egiten duen ekarpenean oinarrituta.

Naiara Vidal masterreko arduradunaren esanetan, Fagor Automation moduko enpresa baten ekarpena “oso aberasgarria” da ikasgaiarendako eta ikasleendako. “Heziketa prozesuan lantzen diren eduki teorikoak ikuspegi praktikoz busti dituzte Fagor Automationeko kideek, industria alorreko adibideak emanez, ikasleak errealitatera gerturatuz”. Bada, lantzen diren kontzeptuek praktikan duten garrantzia ezagutu dute ikasleek. “Sarri, azken urrats horretan dira ahulen unibertsitateko formazioak. Hori saihesten ahalegindu da masterra, eta, zeregin horretan, funtsezko izan da Fagor Automationeko kideen ekarpena”, gaineratu du Vidalek.