Skip to main content

China International Machine Tool Show CIMT 2021 azokan izan da Fagor Automation. Besteren artean, aspaldi zokoraturiko sentsazioak itzularazi dizkio hitzorduak, eta, hala, kooperatiba baikor da aurrera begirakoan. Zehatz esanda, CIMT nazioarteko erakusleiho ezagunenetarikoa da munduko makina-erremintaren hornitzaileentzat. Eta, aurtengo edizioak, ohikotik harago, esangura berezia izan du: denbora dezenteren ostean, bezeroekin aurrez aurre egoteko aukera eskaini dio Fagor Automationi.

Oro har, CIMT 2021 azoka “arrakastatsua” izan da Fagor Automationentzat, hainbaten artean, kooperatibarekin lanean jarraitzeko interesa erakutsi dutelako bezeroek. Iñaki Legarda Fagor Automationeko zuzendari komertzialaren hitzetan, “CIMT azokaren ostean, Fagor Automation kooperatibaren Txinako merkatuko salmentek %150eko igoera izan dezakete”. Txinako Fabrikatzaileen Elkarteak egindako txostenaren arabera, gorakada aurreikusten da eskaeran, eta halaxe berretsi dute kooperatibako ordezkariek gaurko zein etorkizuneko bezeroekin egindako bilerek. Fagor Automationek haren standean jasotako bisiten % 25 izan ziren azken horiek.


Series3, 3statech eta Quercus

Txinako merkatuak interes berezia du Series3 eta 3statech bezalako teknologietan, baita CNC produktuetan ere. Series3 teknologiarekin, kooperatibak urrats berri bat egin du gama altuko encoder absolutuen alorrean, eta horiek oso harrera ona izan dute Txinako enpresen artean.

Ostera, Txinako zenbait enpresek interesa agertu dute Fagor Automationekin lankidetzan aritzeko, batez ere, CNC sistemen, eragingailuen eta bereizmen handiko hartze beharrak asetzeko. Horiek baliagarri lirateke laser makinentzat, puntako irtenbideak eskaintzen dituzten mekanizazio-zentroentzat (20.000-40.000rpm) eta motor linealentzat bost ardatzetako mekanizatua, tornuak eta prestazio handiko torneaketa eskaintzen dutenentzat.

Bestetik, Fagor Automationek Quercusekin egindako eskaintza mugarri izan da CIMT 2021en. Txinako merkatuak Quercus sistemako 8058, 8060 eta 8070 plataformekiko erakutsitako interesa erdigunean, goraka egin dute kooperatibak aipaturiko merkatuan dituen aurrera biderako aukerek.


1.500 fabrikatzaile baino gehiago

Guztira, 27 herrialdek eta 1.503 makina-erreminta fabrikatzailek -870 nazional eta 633 atzerritar- esku hartu dute CIMT 2021en. Bada, makina-erremintaren sektorearen bueltan dabiltzan 13 herrialdetako elkarteak eta merkataritza sustapenerako eragileak bildu ditu hitzorduak. Horien artean dira Estatu Batuak, Alemania, Japonia, Suitza, Italia, Korea, Espainiako Estatua, Erresuma Batua, Frantzia, Txekiar Errepublika, India, Taiwan, Txina eta Hong Kong. Esan barik doa segurtasun-neurri zorrotzekin eta pandemiaren prebentziorako beharrezko ziren baldintza guztiak bermatuta egin dela azoka.

Azokan ikusitakoa ikusita, proiektuz beteriko urtea aurreikusten du Fagor Automationek, Txinako merkatuak kooperatibaren gain jarria duen konfiantza erdigunean, beti ere. Bada, Fagor Automationek mende laurden baino gehiagoko esperientzia daroa soinean. Baliagarri izango zaio hori.