Skip to main content

Karbono aztarnaren neurketekin dabil Fagor Taldea hainbat kooperatibetan. Hain zuzen ere, 2019. urtean ekin zion esperientziari, datozen urteetako neurketetarako oinarri litzatekeen datu eskuratzearekin. Lehenengo datuak esku artean ditu dagoeneko: kooperatiben isurketa nagusiak non ematen diren ikusaraziko dute eta horiek oinarri harturik finkatuko dira isuriak murrizten joateko helburuak.

Finean, gizadiak duen erronka nagusienetakoa da klima aldaketa. Eta Fagor Taldea ez dabil entzungor. Halaxe adierazi du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak: “Gu ere arazo horren sortzaile gara, eta, ondorioz, soluzioaren parte izatea dagokigu. Parisko akordioan eta Europako Itun Berdean finkaturiko helburuak ditugu ipar zeregin horretan”. Bada, karbono aztarna neurtzea da lehen urratsa. Horren ostean leudeke murrizteko neurriak hartzea, eta, hartarako biderik ez izatekotan, konpentsatzea, energia berriztagarriak edo basoberritzeak sustatuz, besteak beste.

Esan moduan, 2019an egindako neurketetan eskuraturikoa hartuko da oinarritzat datozen urteetara begirako murrizketa helburuak finkatzeko. Gaur-gaurkoz, Fagor Ederlan, Fagor Industrial, Fagor Electronica, Fagor Arrasate, Copreci, Mondragon Assembly eta Galbaian daude neurketetan murgildurik. Zehatz esanda, interkooperazioaren bidez egin gura zaio aurre erronkari. Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak erdigunean jarria du hori: “Kooperatibismoa, sortzetik egon da konprometiturik komunitatearekin. Jokoan dago etorkizuneko belaunaldien ongizatea. Guri ere erronka komun horri heltzea dagokigu, bidea elkarlanean eginez. Gainera, etorkizunari begira, esan daiteke karbono aztarnari dagokionez neutroa ez den enpresa ez dela lehiakorra izango”.

Isurketak, hiru mailatan

Hiru irismen ditu karbono aztarnak. Lehen mailan, kooperatibak zuzenean darabiltzan erregai fosilei loturiko isurketak leudeke -besteren artean, gasarekin dabiltzan labeak, gas bidezko berogailu sistemak edo auto flotak leudeke hor-. Bigarren mailak, ostera, kooperatiben kontsumo elektrikoari loturiko CO2 isurketak barnebilduko lituzke. “Kontsumitutako energia elektrikoa berriztagarria izatea da isurtze hori saihesteko bidea”, argitu du Otxandianok. Eta, bukatzeko, hirugarren irismenean, hornikuntza kateak -lehengaiei eta garraioari lotutako isurketak, esaterako- eta ekoitzitako produktuek haien bizi zikloan eragindako isurketak leudeke, nagusiki.

Lehen datuak, esku artean

Gaur egungo egoera ezagutarazteko baliagarri diren datuak eskaini ditu lehen neurketak. Bada, bizi zikloan energia kontsumitu beharra duten produktuak saltzen dituzten kooperatiben kasuetan, salgaiak eurak dira emisio eragile nagusi. Hor daude Fagor Arrasate, Mondragon Assembly, Fagor Industrial eta Copreci.

Bestetik, energia kontsumo beharrik ez duten produktuekin dabiltzan kooperatibei dagokienez, lehengaien eta zerbitzuen erosketan dago emisio maila altuena -besteren artean, emisio handia eragiten duten material metaliko asko darabilte beraien industria jardunean-. Zehatz esanda, Fagor Ederlan eta Fagor Electronica leudeke talde horretan.

Ostera, bestelakoa da Galbaianen kasua. Finean, zerbitzu eskaintzailea da kooperatiba, eta, beraz, bestelako emisio bideak ditu haren eguneroko zereginean: in itinere lekualdatzeek eta lan bidaiek eragindakoa dute emisio handiena -%80, gutxi gorabehera-.