Skip to main content

Inaugurazioa Mondragon Unibertsitatearen 2020/2021 ikasturte akademikoaren irekierarekin batera egin da. Amaia Agirre idazkari nagusia eta Joxean Alustiza Gizabidea Fundazioko presidentea izan dira Fagor Taldeko ordezkariak Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen ekitaldian. Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburu berria, Bixente Atxa Mondragon Unibertsitateko Errektorea, eta Nagore Ipiña doktorea ere izan dira ekitaldian.

Fagor Tardeak elkarlan ibilbide luzea du Debagoienako hezkuntza eragile kooperatiboekin, eta oraingoan ere, kalitatezko hezkuntza kooperatibo bat sustatzeko daukan konpromisoaren erakusgarri, Gizabidea Fundazioaren bitartez 530.000€ko ekarpena egin du MU-HUHEZIren eraikinaren zaharberritzen-lanen finantziazioan.

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen Eskoriatzako Campusean dago zentro berrria, eta birmoldatze- eta handitze-lanek sei milioi euroko inbertsioa eragin dute, eta 1.800 metro karratuko instalazio berri bat egin da. Eraikin berri honen bitartez, gradu eskaintzak indartzeaz gainera, hezkuntzaren digitalizazioari bultzada emango dioten ikerketa proiektu ezberdinak sustatuko dira hezkuntza komunitatearekin batera.

Azken lau urteetan, Mondragon Unibertsitatean % 25 handitu da graduko ikasleen kopurua. Aurten, graduko 1.500 ikasle berrik hasiko dute ikasturtea, hau da, joan den urtean baino % 5,5 gehiagok. Eraikin berri hau hezkuntza proiektu berritzaile, eraldatzaile eta kooperatiboan sakontzen lagunduko duen tresna paregabea izango da belaunaldi berrientzat, elkarlanaren eta elkartasunaren bidean.

Ekitaldiko argazkiak (HUHEZI)