Skip to main content

Trantsizio energetikoaren bidean emaniko urratsetan sakontzeko online saioa antolatu du Debagoiena 2030 egitasmoak. Hain zuzen ere, gaiari dagokionez egindakoa gizarteratu gura da, Debagoienean landutako diagnostikoa aurkeztuz eta kolektiboki aztertzeko zein osatzeko aukera emanez. Horixe bera da martxoaren 3rako, eguaztenerako, finkaturiko hitzorduaren xedea -10:00etan ekingo zaio saioari, 12:30ean bukatzeko aurreikuspenarekin-.

Bada, Debagoieneko eragile zein herritar orok du trantsizio energetikoaren inguruko saioan esku hartzeko aukera. Horretarako, Debagoiena 2030 egitasmoak interesdunen eskura jarririko inprimakia bete beharko da. Eta, Debagoiena 2030eko kideek azaldu dutenez, aurrerago bidaliko dira saioan esku hartu ahal izateko lotura eta hartarako beharrezko den dokumentazioa.

Dena den, saioa ez da orain arte Debagoienean egindakoa aurkeztera mugatuko. Horrez gain, Energiaren Euskal Erakundeko Iraunkortasun eta Berrikuntza Zuzendariaren, Enrique Monasterioren, hitz hartzea izango da. Besteren artean, energiaren sektoreko joerez eta eredu energetiko bateranzko trantsizioaz jardungo du Monasteriok.

Bide batez, saioa “interesgarri” dela iritzita, parte hartzeko deia egin du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak: “Datozen urteetarako erronken artean dugu iraunkortasun energetikoaren gaia. Beharrezkoa da horretan sakontzea eta aurrera begirako balizko bideak aztertzea. Bailara mailako diagnostikoa lagungarri izango zaigu etorkizuneko bidea marrazteko”. Esan gabe doa Debagoiena 2030 egitasmoaren bultzatzaile nagusienen artean dela Fagor Taldea.

Honatx, Debagoiena 2030 ekimenak hitzorduaren inguruan helaraziriko kartela: